200.000 lagun inguru kalean etxebizitza eta soldata duinen alde

Mikel Reina Barros

LABn piketea Zamudioko industriagunean (Argazkia: Aner Mentxaka Alvarez)

CCOOen Zamudioko piketean Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du. LABn piketean, Ertzaintza bertaratu da, baina baimen guztiak zituztela konprobatzerakoan joan egin dira. 18:00etan Derion osatuko dute eskualdeko mobilizazioa.

CCOOen Zamudioko piketean Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du.

Sindikatu deitzaileek adierazi dutenez, goizean goizetik “agerian” geratu da gaurko greba orokorraren arrakasta Hego Euskal Herrian, eta hori berretsi dute eguerdian lau hiriburuetan egindako mobilizazio erraldoiek. 200.000 lagun inguru mobilizatu dira. “Gaur euskal langileriak beste erakustaldi bat egin du: indar, kontzientzia eta elkartasun erakustaldia”.

Etxebizitzari dagokionez, berriz, egiturazko neurriak eskatu dituzte etxebizitza eskubide bermatua izan dadin: “Espekulazioarekin amaitu eta espekulatzaileak espropiatu egin behar dira. Etxebizitza langileen beharren arabera antolatu behar da. Prezioak mugatu, maizterrak babestu, etxegabetzeak debekatu eta parke publikoa zabaltzea aldarrikatzen dugu”.

Goizean, atxikoleta Zamudion

Txorierrin, 07:15ean jarri dute hitzordua Zamudioko Padel Bizkaiaren aurrean. Piketea bertan hasi eta errepidetik herrigunera arteko bidea osatu dute. Une batean, Ertzaintzako hiru auto bertaratu dira, baina baimen guztiak zituztela konprobatzerakoan alde egin dute. Larrabetzun, zakarrontziak jarri dituzte errepidearen erdian eta bertako zaborra lurrera bota industriaguneetarako autoen sarrera oztopatzeko. Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek errepidea moztu dute Derio eta Lekunbiz artean. Ertzaintzaren presentzia "oso nabaria" izan da Zamudioko Parke Teknologikoko Derio aldeko sarreran, alde batera utzi dituzte bertako grebalariak errepidea ibilgailuentzako utziz. Ez da istilurik egon.

 

Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek errepidea moztu dute Derio eta Lekunbiz artean 

Hain zuzen ere, ELA, LABk, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista sindikatu deitzaileek adierazi dute lehen ordutik greba orokorraren jarraipena “oso zabala” izaten ari direla. Zerbitzu publikoetan grebaren jarraipena “zabala” ari da izaten, “nahiz eta gutxieneko zerbitzuek baldintzatu duten langileen grebarako eskubidea; nagusiki, osasungintzarekin eta zaintzarekin lotutako sektoreetan”. Garraioan, berriz, linea askotan gutxieneko zerbitzuak baino ez dira eskaintzen ari. Grebarekin bat egin duten udaletxeak ere dozenaka dira.

 

LABn piketea Zamudioko industriagunean

Hezkuntza publikoko ikastetxeetan jarraipena oso zabala izango da. EAEko langileen erdiak baino gehiagok greba egingo du eta sukalde ugari itxita egongo dira. Ikastoletan ia erabateko lanuztea espero da. EHUko jarduera akademikoa oso murritza izango da (%10koa baino txikiagoa, ziurrenik). Komunikabideei dagokienez, EITB taldean grebaren jarraipena oso zabala izaten ari da eta albistegiak bakarrik ari dira emititzen (gutxieneko zerbitzuak).