“Ez sartu politikan; hori politikoentzatâ€, “Politikari guztiak zakarrontzira!†entzun ohi dugu sarritan, eta irakurle askok hori diotenak arrazoia dutela esango du. Baina, holakoak esan arren, zintzo joaten gara boto ematera, norberak hoberen deritzonari edo hain txarra ez denari. Botoa eman edo ez, partidukoa izan edo ez, egiten dugun guztia politika dela zion aitak, eta politika denok egiten dugula. Adinean aurrera, ondo ulertu dut hori; azken batean, politika gizarte eredu bat defendatzea da.
Gustatu edo ez, denok gaude inplikatuta gizartean. Beraz, guk egiten ez duguna besteren batek egingo du gugatik; eta ziur asko, ez da izango gure gustukoa. Sinesten duguna, lortu gura duguna, guk geuk landu behar dugu etxean, auzoan, herrian... besteei lana utzi barik.
Seme-alabei lan kargarik ez ematearren, non ez diren sartu behar esaten diegu sarritan. Baina eurek zelako gizartean bizi nahi duten aukeratu eta horren alde egiten dute lan; guk bezala.
Horren haritik, zelan ulertu behar dugu Zamudioko familia bereko seme biak, euren ideiengatik kartzelaratu eta inongo delitu barik lege antiterrorista ezarri izana, bata punta batera eta bestea, bestera bidaliaz? Ez da ez bidezkoa, ez demokratikoa.
Norbere ideiak defenditzea zilegi da. Zigor hau gazteak mugi ez daitezen pentsatutako jazarpena izan da. Zer egin behar dugu herritarrok: geldirik lotu eta alfonbra bihurtu, eurek nahi dutenean astintzeko?