Partidak zuzenean ikusteko sarrera doanekoa izango da. “Giro polita egongo da harmailetan eta ahalik eta jende gehien batzea espero dugu. Finalera heltzen bagara, batek esan dit txaranga eta guzti ekarriko duela (kar, kar)”, esan dute klubeko arduradunek.
Zamudio taldeak lehenengo postuan bukatu du liga lehendabiziko aldiz. Guztira, 23 partida irabazi dituzte eta bakarrik hiru galdu dituzte. Txorierritarrekin batera, bigarrenek, hirugarrenek eta laugarrenek jokatuko dute igoera fasea. Aurreko urteetan, zamudioztarrek behin baino gehiagotan jokatu dute igoera-fasea, baina ezin izan dute inoiz hori irabazi. “Aurten irabazteko itxaropena daukagu, bai horixe, denboraldiko talderik onena izan garelako. Dena dela, finala irabazi arren, ezin izango gara igo, Federazioak uzten ez digulako. Izan ere, ez dugu beheko mailetako talderik”.
Zamudio Sbt lagun-talde bat da, beteranoak, eta jokatzea eta ondo pasatzea dituzte helburu, besterik ez. Zamudioztarrek aprobetxatu nahi dute igoera-fasea saskibaloia herritik zabaltzeko eta, bide batez, jokalari gazteak taldera erakartzeko. “Gu nagusiak gara eta jende berria etortzea gustatuko litzaiguke, hau da, Zamudioko edo inguruko 20-25 urteko gazteek saskibaloian jokatu nahi badute, gurekin jar daitezela harremanetan, esate baterako, Facebooken bidez”.