Zamudio sbt txapeldunordea izan da Lurraldeko Lehenengo mailako igoera fasean

Aikor aldizkaria 2017ko mai. 15a, 14:37

Zamudio Saskibaloi taldeak (Sbt) txapeldunordea izan zen asteburu honetan, herriko kiroldegian jokatutako Lurraldeko Lehenengo mailako igoera fasean.  Finalean, etxeko taldeak 52-72 galdu zuen Anbotopeko taldearen kontra. 

“Partida orekatua izan zen hirugarren laurdenera arte, baina azkenean oso nekatuta geunden eta behar bezala lehian ibili arren, partida argi eta garbi galdu genuen”, esan digu Sergio de la Vega jokalariak. “Eskerrik asko senideei, bikotekideei eta azken urteotan babesa eta laguntza eskaini diguten guztiei; eta zorionak, Anbotopeko taldeari, noski”. 

Finalerdiak aurreko egunean, maiatzaren 13an, jokatu ziren. Lehenengoan, zamudioztarrek 68-66 irabazi zioten Marrazoak taldeari. Etxekoak sendo hasi ziren eta 16 puntuko aldea lortu zuten. Hala ere, atsedenaldiaren ostean, erritmoa jaitsi zuten eta Sestaokoek orekatu zuten partida. Dena dela, azken txanpan nagusitu zen Zamudio. Beste finalerdian, Anbotopekok 63-58 irabazi zion CB Paules taldeari. 

Zamudio Sbt-k lehenengo aldiz antolatu du aurten igoera fasea eta txorierritarrek oso balantze ona egin dute. “Giro itzela egon da kiroldegian eta, finalerdietan zein finalean harmailak jendez beteta egon dira: senideak, federaziokoak, herrikoak... Esatari berezi bat ekarri genuen, Txarly, garai batean La Casillan ibilitakoa. Jai-polita antolatu genuen eta horri esker, ohiartzuna eman diogu herriari. Gu apur bat etsituta gaude irabazi ez izanagatik, baina oro har denboraldi ederra egin dugu: liga irabazi dugu eta bakarrik lau partida galdu ditugu urte osoan zehar. Pozik egoteko modukoa da”. 

Erlazionatuak

Zamudio SBT-k garaikurra jaso du

Aikor aldizkaria 2017 mai 15 Zamudio

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).