Gidariak lehian sartuko dira bertan, arratsaldeko saioetan irteteko postua erabakitzeko. Trialaren saio nagusia Pinoa etorbidean egingo da, 16:00etan; era berean, 19:00etan azken lehiaketa egingo da Bidekoetxe parkean. Zamudioko saioa puntuagarria izango da Bizkaiko zein Euskadiko Trial Txapelketetarako. Horregatik, trialean parte-hartuko duten lagunak goi-mailako gidariak izango dira. Antolatzaileen esanetan, 40 motorzale arituko dira Zamudion.
“Zazpi gunetan banatu dugu triala. Lehenengo seiak Pinoan jarri ditugu. Haietatik hirugarrena, laugarrena eta bosgarrena izango dira zailenak eta ondorioz, baita ikusgarrienak ere. Gainera, triala herrira hurbildu nahi dugu eta horregatik, azken gunea Bidekoetxe parkera eraman dugu. Ea horrela trialerako zaletasuna suspertzen dugun”, esan digu Egoitz Mozo antolatzaileetako batek.