Zamudioko Rallyaren 5. edizioa

Aikor aldizkaria 2017ko aza. 15a, 14:37

Zamudio Racing eta Real Peña Motorista Vizcaya elkarteek Zamudioko Rallya antolatu dute bosgarren aldiz, asteburu honetarako. Rallya antolatzeko, hainbat erakunde eta babesleren laguntza izan dute, Zamudioko Udalaren, barne. Baita Magalarte Zamudioko upeltegiarena ere, eta bertan, hain zuzen ere, aurkeztu dute rallya gaur goizean. 

Aurkezpenean, besteak beste, Lander Mella eta Angel Gurrutxaga Bizkaiko eta Euskadiko Automobilismo Federazioetako presidenteak eta Igotz López Zamudioko alkatea batu dira. Gainera, Martin Cubillo eta Egoitz Mozo antolatzaileak ere aritu dira.

Barikuan, azaroaren 17an, autoen egiaztapena egingo da Zamudioko Kultur Etxean, lehen eskola zegoen lekuan, alegia. Zaleek han izango dute autoak eta pilotoak gertu-gertutik ikusteko aukera. Zapatua egun nagusia izango da. Lehenengo autoa 9:30ean jarriko da martxan, Kolitxa Plazatik. Goizean, lau zati egingo dira Unberen eta Armintzaren artean; eta arratsaldean, beste lau, Viveroren eta Zaratamoren artean. Egunean zehar, mekanikariek bost aldiz aztertuko dituzte autoak Zamudioko Torrelarragoiti industrialdeko Kotzo Zulo aparkalekuan: 9:45ean; 11:55ean; 14:40an; 16:59an; eta 19:03an. Azkenik, sari-banaketa 20:30ean egingo da Sabino Arana Plazan.

“Oso zati anitzak dira: batzuk azkarrak dira, beste batzuk teknikoagoak. Gure ustez, oso erakargarria da”, esan du Cubillok. Real Peña Motorista Vizcaya elkarteko kideak garrantzi berezia eman dio segurtasunari. “Dena prest daukagu: anbulantziak, garabiak, laguntzeko autoak, 100 boluntario... Horregatik, publikoari eskatu nahi diogu lasterketa-komisarioek emandako argibideei jarraitzea, segurtasunari eusteko”.

 

61 parte-hartzaile

Zamudioko lasterketa puntuagarria da lau txapelketetarako: Rally euskal txapelketa, Rally Bizkaiko txapelketa, Sport Erregulartasunaren euskal txapelketa eta Sport Erregulartasunaren Bizkaiko txapelketa. Ildo honi jarraituz, Zamudion ere izango ditugu lehia bi: abiadura eta erregulartasuna. Guztira, 61 gidarik eman dute izena rallyan. Zamudio Racing eskuderian, bost talde arituko dira: Jonathan Gago eta Mikel Senovilla; Lander Cortazar eta Aitor Bergara; Victor Echave eta Mikel Arza; Diego Puga eta Alfonso Exposito; eta Eder Santos eta Iker Makazaga. Gainera, Ugaitz Basaras eta Larraitz Etxebarria txorierritarrek ere hartuko dute parte, baita Txus Jaio gidari markinar handiak ere.

Antolatzaileek Zamudiora eta zatietara hurbiltzeko deialdia egin dute. Dena dela, Interneten bidez ere jarraitzeko aukera egongo da, zuzeneko denborak orrialde hauetan iragarriko baitira.

Abiadura-lasterketa:

https://www.rpmv.org/pruebas/2017/04_zamudio/online.htm

Erregulartasun-lasterketa:

https://web.anube.es/rallies/lista

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).