“Belarra aspaldikoa zen. Gainera, zelaia ibaiaren alboan dago eta ondorioz, euria egiten duenean, ura ez zen behar bezala drainatzen eta ur-putzuak askotan agertzen ziren”, esan zuen Igotz López alkateak. Fidel de Prado klubeko presidentea poz-pozik agertu zen berrikuntzarekin. “Lehengo zelaiak 15 urte zituen eta aldatzeko premia genuen. Izan ere, azken urteotan gazteak gero eta gihar-zauri gehiago izan dituztela ikusi dugu. Hemendik aurrera, aldiz, futbolean baldintza onenetan jokatzeko aukera izango dute. Aurten 170 ume ditugu, inoiz baino gehiago, eta belar berriak baliabide handiagoak ematen dizkigu”.
Zelai berria estreinatzeko, Zamudioko klubak Haur Mailako A eta B taldeen arteko partida bat antolatu zuen. Era berean, ekitaldia aprobetxatu zen, Raúl Loroño eta Rosa Aurre jokalari ohiei omenaldia egiteko. Raúl, Zamudio taldean jokatzeaz gain, Eibar taldean ere aritu zen 1988an; Rosak ezin izan zuen herriko taldean jokatu, baina emakumezkoen futboleko aitzindaria izan zen eta Sondika taldean ez ezik Estatuko selekzioan ere jokatu zuen.