Aurkezpenean, besteak beste, Lander Mella eta Angel Gurrutxaga Bizkaiko eta Euskadiko Automobilismo Federazioetako presidenteak eta Igotz López Zamudioko alkatea batu dira. Gainera, Martin Cubillo eta Egoitz Mozo antolatzaileak ere aritu dira.
Barikuan, azaroaren 16an, autoen egiaztapena egingo da Zamudioko Kultur Etxean. Zaleek han izango dute autoak eta pilotoak gertu-gertutik ikusteko aukera. Zapatua egun nagusia izango da. Lehenengo autoa 9:30ean jarriko da martxan, Kolitxa Plazatik eta lehenengoa 19:15ean helduko da helmugara. Goizean, lau zati egingo dira Morga eta Armintzaren artean; eta arratsaldean, beste lau, Viveroren eta Zaratamoren artean. Egunean zehar, mekanikariek lau aldiz aztertuko dituzte autoak Zamudioko Torrelarragoiti industrialdeko Kotzo Zulo aparkalekuan: 9:15ean; 11:51ean; 14:47an; eta 17:35ean. Horiek ere izango dira aukera onak, zaletuek autoak ikusteko. Azkenik, sari-banaketa 20:30ean egingo da Sabino Arana Plazan.
53 parte-hartzaile
Zamudioko lasterketa puntuagarria da lau txapelketetarako: Rally euskal txapelketa, Rally Bizkaiko txapelketa, Sport Erregulartasunaren euskal txapelketa eta Sport Erregulartasunaren Bizkaiko txapelketa. Ildo honi jarraituz, Zamudion ere izango ditugu lehia bi: abiadura eta erregulartasuna. Guztira, 53 bikotek eman dute izena rallyan. Zamudio Racing eskuderian, lau talde arituko dira: abiadura txapelketan, Victor Echave eta Mikel Arza; eta Eder Santos eta Aitor Vergara; eta erregulartasun txapelketan, Aitor Arandia eta Zugaitz Dañobeitia; eta Asier Gutierrez eta Gorka Fauri. Gainera, Ugaitz Basaras eta Larraitz Etxebarria txorierritarrek ere hartuko dute parte, baita Txus Jaio gidari markinar handiak ere. Bitxikeria bada ere, aipatzekoa da Francisco Jose Ventosok ere izena eman duela. Ventoso txirrindulari profesional ohia da.
Antolatzaileek Zamudiora eta zatietara hurbiltzeko deialdia egin dute. Dena dela, Interneten bidez ere jarraitzeko aukera egongo da, zuzeneko denborak orrialde hauetan iragarriko baitira.
Abiadura-lasterketa:
https://www.rpmv.org/pruebas/2018/06_zamudio/online.htm
Erregulartasun-lasterketa:
http://web.anube.es/rallies/lista