Pirritx, Porrotx eta Marimototsen “Musua” ikuskizunak hasiera emango dio Lagatzuren Euskal Asteari

Aikor aldizkaria 2019ko api. 9a, 09:51

Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak Euskal Astea antolatu du 17. aldiz maiatzaren 3tik 11ra. Pailazoen ikuskizunaz gainera, besteak beste, hauek ere egongo dira: Iñigito Txapelpunken kontzertua, ardo-dastatze ikastaroa, Oihan Vegaren umorezko bakarrizketa, 3zpalau saioa eta Mikel Martinezen Tabernaria antzezlana.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Musua ikuskizuna maiatzaren 3an,18:00etan, izango da Zamudioko kiroldegian. Euskara elkarteko bazkideek lehentasuna edukiko dute sarrerak hartzeko orduan. Apirilaren 10era arte, bazkide bakoitzak sarrera bi hartu ahalko ditu sei euroan. Horretarako, Lagatzuko lokalera joan beharko du 18:00etatik 19:00etara. Apirilaren 11tik aurrera bazkide izatearen lehentasuna galduko da, eta sarrerak zortzi euroan ipiniko dira salgai udaletxean eta estankoan.

Hurrengo egunean, maiatzaren 4an, Iñigito Txapelpunk musikariak kontzertu akustikoa eskainiko du 19:00etan Zamudiotorren, eta maiatzaren 5ean Lagatzukoak Bizkargi mendira joango dira Arroeta mendi taldeko kideekin batera. Hitzordua 09:00etan ipini dute plazan.

Maiatzaren 8rako, ardo-dastatze ikastaroa antolatu dute. Ikastaroa Baserri Antzokia egingo dute 19:30ean, eta izena ematea lagatzu@lagatzu.org helbidera idatzita egin behar da, edo Lagatzuko kideei esan. Bestalde, Oihan Vegak Zergatik praktikatzen dugu sexua euskaraz? umorezko bakarrizketa aurkeztuko du maiatzaren 9an, 19:00etan, Zamudiotorren.

Maiatzaren 10ean, 3zpa4 musika-saioa ikusteko aukera egongo da Baserri Antzokian, 19:00etan. Kasu honetan ere Lagatzuko bazkideek lehentasuna edukiko dute, eta sarrerak –bi, kide bakoitzeko– apirilaren 10era arte hartu ahalko dituzte zortzi euroan euskara elkartearen lokalean, 18:00etatik 19:00etara. Apirilaren 11tik aurrera, sarrerak 10 euroan erosi ahalko dira Baserri Antzokian bertan edo estankoan, harik eta agortzen diren arte.

Euskal Asteari maiatzaren 11n emango diote amaiera, eta eguna ekitaldiz beteta etorriko da. Goizeko 10etan, “Zamudio zure herria ezagutu” umeentzako ibilaldi didaktikoa egingo da, eta 12:30ean pilota-partidak izango dira Arbolantxa pilota eskolaren eskutik. Azkenik, Mikel Martinez aktoreak Tabernaria:instrukzioak botatzeko ondo bat kaña umorezko antzezlana eskainiko du 19:30ean, Bide Gorri tabernan.

Bestetik, aipatu beharra dago aurten ere Euskal Kanten ikastaroa egingo dutela. Aurtengoa 18. edizioa da eta, ohi moduan, irakasle Itsaso Arrieta ibiliko da. Ikastaroa maiatzaren 20an eta 27an, 19:30etik 20:30era, izango da Zamudiotorren. Euskara elkartearen bazkideek 10 euro ordaindu beharko dute; eta bazkide ez direnenek, 13 euro. Izena emateko, lagatzu@lagatzu.org helbidera idatz daiteke, edo Lagatzuko kideei esan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).