Albarranek hainbat lekutan eta momentutan ateratako argazkiak ekarri dizkigu orrialdeetara: Carrales mendiko pagadia (Burgos), Lekeitioko itsasargia, Zamudioko “Mark Knopfler”, Gijoneko Unibertsitate Laborala… Argazki gehienak iluntzean edo gauean egin ditu. “Momentu horietan argia oso berezia da eta, esku-argiek edo flashek lagunduta, irudi magikoak eta txundigarriak egin daitezke”. Canon 80D argazki-kamara lagun, bidaiak-eta baliatzen ditu leku berriak ezagutzeko eta zaletasunari ekiteko. “Argazkilaritzak lasaitasuna ekartzen dit, eta egunerokotasuneko kontuetatik ihes egiteko modua. Gainera, nire burua hobetzeko tresna da, izan ere, hainbat teknika erabilita, gero eta argazki hobeak egiten ahalegintzen naiz”. Aire girotuko teknikaria da eta argazkigintzarako zaletasuna lankide batek piztu zion duela urte asko; hala ere, baztertuta du hura ogibide bihurtzea. “Ez litzateke berdina izango… Bueno, argazkilari moduan lan egin, baina bidaiatzen, rallyetara joaten… bada, beharbada, bai (kar-kar)”.