Zamudioko Udalak herritarrei laguntza eskatu die Asiako liztorren habiak identifikatzeko

Aikor aldizkaria 2021ko mai. 7a, 14:54

Zamudioko Udalak Asiako liztorren hedapena eteteko kanpaina berria hasi du, “mehatxua direlako frutarako, erleentzat eta inguruko intsektuentzat”. Horrela, udal-brigadako langileak tranpa ekologikoak jartzen dabiltza, “liztor erreginak hartu eta ugal daitezela ekiditeko”. Udalak laguntza eskatu die herritarrei, habi primarioak identifikatzeko eta talde espezializatuek horiek kendu ditzaten.

Udalak jakinarazi duenez, garagardo beltza, ardo zuria eta ahabi-ura nahastuta egiten dira tranpa ekologikoak; nahasia ontzi batean sartzen da. Usainak erakarrita, liztorrak ontzi barruan sartzen dira, eta ito. Tranpak aurreko urteetan habiak topatu diren guneetan ipintzen dabiltza. “Normalean erreketatik gertu ipintzen dituzte habiak, 500 metroko inguruan”. Udalaren esanetan, “tranpa ekologikoei esker, habien zenbatekoa murriztu da azken urteotan”.

Bestalde, udalak herritarrengana jo du Asiako liztorren habia primarioak identifikatu eta kendu ahal izateko. “Garrantzitsua da liztor erreginak martxo eta ekainaren bitartean eraikitako habi primarioak aurkitzea, izan ere, lehenik bertan ugaltzen da; ondoren, bigarren mailako habiak egiten dira udazkenean, batez ere zuhaitzen adarretan edo teilatuetan. Azken habi horiek handiak dira; primarioak, ordea, txikiagoak. Herritarren laguntza beharrezkoa da habia primarioak kentzeko: habiarik topatuz gero, udalari jakinarazi behar zaio, bertan Asiako liztorrik dagoen egiaztatzeko”. Habia leku arriskutsu batean badago, suhiltzaileek kenduko dute handik; bestela, Basalan enpresak izango du ardura.