Zamudioko I. Motozaleen Elkarretaratzeak aurreikuspenak gainditu ditu

Argazkiak eta irudiak: Bilbobikers elkartea; musika: "Pursuit" (Abbynoise) 2022ko mai. 9a, 12:55

Zapatuan, maiatzak 7, motozaleen elkarretaratzeak egin zen lehen aldiz Zamudion. Ekintza Bilbobikers elkarteak antolatu zuen Zamudioko Racingekin lankidetzan, eta, azaldu digutenez, aurreikuspenak gainditu ziren. “Ehun bat lagun biltzea espero genuen, baina ibilbidean 220 motok hartu zuten parte eta herrian 350 moto inguru batu ziren. Oso pozik gaude elkarretaratzeak izan duen harrerarekin”, esan digu Bilbobikers elkarteko Ibon Costelak.

Motozaleek hitzordu garrantzitsua izan dute asteburuan Zamudion. Costelak azaldu digunez, elkarretaratzea Bilbobikers eta Zamudio Racing elkarteen lankidetzari esker antolatu da. “Gure kideetako bi zamudioztarrak dira eta Zamudio Racingeko presidentearekin ipini gintuzten harremanetan. Autoei lotutako ekintzez gainera, motoei lotutako ekintzak ere egitea gustatzen zaie eta horregatik izan da lankidetza ezin hobea. Racingeko kideek Zamudioko Udalari aurkeztu zioten proposamena, eta erraztasun handiak eman dizkigute elkarretaratzea bertan egin ahal izateko”.

Motozaleek ibilbidea egin zuten Zamudioren inguruko herrietatik. Ondoren, paella-jana egon zen eta han 150 lagun bildu ziren. Sariak zozketatu ziren, hala nola, kaskoak, txaketak eta mekanika arlokoak, eta Emilio Zamorak Stunt erakustaldia (akrobaziak) egin zuen. Bestalde, standa ipini zuten zenbait markak; Ducati, Triumph eta Mendibil, haien artean.

Zamudioko I. Motozaleen Elkarretaratzearen arduradunak oso pozik azaldu dira ekintzak izan duen harrerarekin, udalerrian egon den giroarekin eta parte-hartzaileen zein Bilbobikers elkarteko kideen jarrerarekin. “Oso eskertuta gaude: dena atera da ondo, koordinazioa egon da eta laguntza handia izan dugu Racingen eta udalaren aldetik. Hortaz, baliteke datorren urtean elkarretaratzea bigarren aldiz antolatzea”.   

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).