Bizkaiko dantzariek Zamudion ospatu dute euren egun handia

a: Izaskun Uriarte 2022ko mai. 16a, 14:02

Giro ederra baino ederragoa egon zen atzo, maiatzak 15, Zamudion. Izan ere, pandemia dela eta, Bizkaiko Dantzarien Eguna bi urtean bertan behera utzi ondoren, dantzariak han batu ziren euren egun handia ospatzeko. Hiru Bat dantza-taldea anfitrioia izan zen eta zamudioztarrekin bat egin zuten Bizkaia osotik etorritako dantzariek; Txorierrikoak, haien artean. Gazituaga futbol-zelaian 3.500 lagun ibili ziren dantzan, eta ia 8.000 ikuslek gozatu zuten dantzen alardea.

Goizeko lehen ordutik giro aparta izan zen Zamudion. Dantzariak kalejiran irten ziren futbol-zelairaino eta han dantzen agerraldia egin zuten: besteak beste, Dantzari dantza, Ibarzabal-Arku dantza, Eltziegoko dantzak, Gorulariak, Kaixarranka eta Larrain dantza dantzatu zituzten. Ondoren, herriko tabernak, landak eta plazak, baita Parke Teknologikoko zelaiak ere, bete zituzten indarrak berritzeko eta bazkaltzeko. Ilusioa eta ospatzeko gogoa zegoen eta hori nabaria izan zen egun osoan. Eguzkia ere gogotsu, bero handia egin zuen atzo eta DYAko osasun-langileek pertsona batzuk artatu behar izan zituzten bero-kolpeen eraginez.

Ospakizuna biribiltzeko, erromeria egon zen Luhartz taldearen eskutik eta plaza leporaino bete zen; orratz bat ere sartu ezin. Parranda 20:30ak arte luzatu zen. Izan ere, lehen aipatu moduan, ospatzeko gogoa zegoen.  

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).