Sandoni eta San Tomas ermitak konpondu dituzte Zamudion

Aikor aldizkaria 2022ko urr. 10a, 12:50

Zamudioko Udalak jakinarazi duenez, konpontze-lanak egin dituzte Sandoni eta San Tomas ermitetan. Azaldutakoaren arabera, konpontze-lanak batez ere teilatuetan eta egurrezko egituretan egin dituzte.

Horrela, bada, Sandoni ermitako arkupeko zutabeetako bat ordezkatu da eta aurrelakatutako altzairuzko xafla marroia ipini da alboetako batean. Era berean, harlangaitz-hormako pitzadura konpondu da eta apurtutako teilak ordezkatu dira. Gainera, xafla asfaltikoa eta poliuretanozko masilla ipini da zigilatzeko. Bestalde, barnealdeko zurari tratamendu prebentiboa eta sendagarria ezarri zaio, produktu intsektizida, fungizida eta termiten kontrakoa bota diotela.  

San Tomas ermitan ere apurtutako teilak ordezkatu dituzte, baita bi sabai-leiho ere. Halaber, produktu intsektizida, fungizida eta termiten kontrakoa ezarri diote barnealdeko zurari. Izan ere, egurrezko egitura orokorra egoera onean zegoen arren, kondentsazioaren eta aireztatze urriaren ondorioz lizuna eta onddoak zituen.