Joseba Apezetxeak berriro irabazi du Goya argazkilaritza saria

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 17a, 12:41

Joseba Apezetxea zamudioztarrak bigarren aldiz irabazi du Goya argazkilaritza saria, “grafiko” atalean. Horiek Aragoiko Argazkilari profesionalen Elkarteak (AFPA) ematen ditu bi urterik behin, 1983. urtetik hona. Saria oso garrantzitsua da Estatuan eta Apezetxeak oso “hunkituta” jaso du golardoa. Zamudioztarrak ibilbide luzea du argazkilaritzan, lanean 33 urte daramatzalako.

“Zortea izan dut. Ez nuen aurten argazkirik bidaltzeko asmorik, baina azkenean zerbait bidaltzea erabaki nuen eta emaitza ezin hobea izan da. Pentsatzen nuen beste argazkiak nireak baino politagoak izango zirela, baina azkenean nirea aukeratu dute. Oso hunkigarria izan zen, batez ere saria argazkilariek eurek ematen dutelako. Horrek esan nahi du lan onak direla”, esan digu Zamudioko argazkilariak.

Apezetxeak Bilboko Arenalean, Arriaga Antzokiaren aurrean, egin zuen argazki irabazlea. Zuri-beltzez atera zuen eta bertan hurrengo eszena dago ikusgai: kaleko mimo artista bat, Jesu Kristo jantzita eta gurutzea lepoan duela; bere atzean, mutil gazte bat keinuka dabil; eta aurrean, gizon nagusiak begiratzen die mutil biri. “Argazkian hiru garai harrapatu ditut: Jesu kristo, agurea eta gaztea. Bitxia iruditu zitzaidan”.

 

 

Apezetxeak “grafiko” atalean irabazi du saria. Horrezaz gainera, beste bost kategoria daude: erretratua, ezkontzak, haurrak, jaun-hartzeak eta gai librea. Eta bakoitzean, epaimahaiak 10 argazki aukeratzen ditu. Goya sariek hainbat aldiz hartu dute kontuan Apezetxearen lana. Izan ere, 2013an industria-publizitate kategorian irabazi zuen. Gainera, zortzi aldiz izendatu dute hautagai. Sariak banatzeko gala lehen astean izan zen Zaragozan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).