Jagoba Jauregi da EH Bilduko Zamudioko alkategaia

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 24a, 12:54

Zamudioko EH Bilduk jakinarazi duenez, herritar prozesu baten bidez, Jagoba Jauregi Basterretxea aukeratu dute, datozen udal-hauteskundeei begira EH Bilduko zerrendaburu izan dadin. “Zamudioztarra da, euskalduna, gazte-gaztetatik gure herriko kirol- eta kultura-taldeetan aritutakoa, eta giza mugimenduan ekintzaile aktiboa; zure modukoa, herrian aurkituko duzuna. Herria denon artean egiten dugula sinesten du”, azaldu dute.

Bestalde, Jauregik adierazi duen moduan, Zamudio inplikazio pertsonaletik ulertzen du. “Herria bertatik bertara bizi dudalako. Erronka berri honi gogotsu ekiteko indartsu nago, herritarron ekarpenak entzun eta bideratzeko prest. Erabaki honek konpromisoa eskatzen du, baina herriak badaki zer emateko gauza naizen, txikitatik herriaz busti naizelako, eta herriko elkarteen eta mugimendu sozialen parte aktiboa naizelako”. Bere hitzetan, Zamudioko kale zein auzoetan aspaldi da nabaria aldaketa-garaia dela. “Erronka gogoz eta motibazioz hartu dut. Gainera, familia, lagunak eta auzokideak izango ditut bidelagun, eta, zelan ez, nirekin batera aurkeztuko diren zamudioztarrek eta neuk talde ederra osatuko dugu, esperientziaduna eta motibazio handikoa”.

Jauregik Ingeniaritza graduko ikasketak egin ditu EHUn, eta gaur egun gizarteratze arloan egiten du lan. Azken agintaldian, EH Bilduko zinegotzi ibili da Zamudioko Udalean, eta alderdiaren arduraduna izan da Hirigintza, Obra, Zerbitzu, Ingurumena eta Etxebizitza Sailean. Era berean, EH Bilduko ordezkaria izan da Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatean. “Herria gobernatzeko prest gaude. Izan ere, hainbeste urteetan egindako lanak eta bidelagun guztien esfortzuak merezi dute amestu dugun Zamudio ikustea. Gauzak beste modu batean egin litezke, eta, hortaz, herria egiten jarraituko dugu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).