Marchinlilac, Zamudioko liburutegian

Aikor aldizkaria 2023ko mar. 1a, 14:31

Ohi legez, eta Zamudioko Udalak bultzatuta, martxoan Marchinlilac kanpaina egingo da liburutegian, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Gazteentzako eta helduentzako lehiaketak egingo dira eta ipuin-kontalaria ere egongo da. Gainera, emakume idazleen gida eta neska eta mutil abenturazaleen gida ipiniko dira erabiltzaileen eskura, lehiaketan parte hartzea errazteko.

Martxoan emakumezko idazleen liburuak edo emakumeei eta berdintasunari buruzko materiala hartzen dutenek aukera izango dute “Liliazko martia, emakume idazleak” lehiaketan parte hartzeko. Bi kategoria egongo dira: gazteak, 13-17 urtekoentzat; eta helduak, 18 urtetik gorakoentzat. Parte-hartzaileen artean 40 euroko txartela zozketatuko da, Zamudioko liburu-dendan gastatzeko. “Neska eta mutil abenturazaleak” lehiaketa, bestalde, lau urtetik gorako umeentzat da eta bere helburua da ipuinetako printzesaren estereotipoa uztea. Hortaz, neska abenturazaleei buruzko liburuak hartzen dituztenek zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Haien artean ere 40 euroko txartela zozketatuko da, herriko liburu-dendan gastatzeko.

Azkenik, martxoaren 11n, 11:30ean, Ni neu nirekin ipuin-saioa izango da Miru ipuin-kontalariaren eskutik. Leku mugatua egongo da eta beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea: liburutegian bertan, 944 520 204 telefono-zenbakira deituta edo udalliburutegia@zamudio.eus helbide elektronikora idatzita. Zamudion erroldatuek lehentasuna izango dute.   

Gogora ekarri dutenez, liburutegian Berdintasun Atala dago, eta bertan emakumeei eta berdintasunari buruzko materiala. Helburua da atala apurka handitzea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).