Porrotxek eta Marimototsek abenturaz beteko dute Zamudio urrian

a: Geuria.eus 2023ko ira. 28a, 12:07

Porrotx eta Marimotots pailazoek Urteak bete, abenturak bizi ikuskizuna aurkeztuko dute urriaren 20an, Zamudion. Pailazo-taldeak 35 urte bete ditu eta saioa horren ospakizuna izango da. Gainera, azpimarratuko dute urteak betetzea garrantzitsua dela, baina are garrantzitsuagoa dela abenturak bizitzea. Lagatzu euskara elkarteak antolatuta, ikuskizuna 18:00etan izango da kiroldegian.

Sarrerak zortzi euroan ipiniko dira salgai eta urriaren 1etik 19ra bitartean eskuratu ahalko dira hurrengo leku hauetan: www.zamudio.eus webgunean (jarduerak eta bonoak), Zamudioko estankoan eta liburu-dendan eta Derioko Uribe okindegian (Aldekona). Lagatzuren bazkideek, bestalde, urriaren 2tik 4ra bitartean hartu ahalko dituzte sei euroan, euskara elkartearen egoitzan.