Egitarau zabala prestatu dute egun horretarako. Lehenengo eta behin, Osmako baso batera joango dira boilur bila, eta erakustaldi batean parte hartuko dute, txakurrek boilurrak nola bilatzen dituzten ezagutzeko. Ondoren, Ribabellosara joango dira, Boilur Azoka egiten den lekura hain zuzen ere. Azaldu moduan, bertan boilurrez egindako hainbat produktu ezagutu eta erosteko aukera izango dute, eta hainbat erakustaldi ikusi. Eguna biribiltzeko, jatetxe batean bazkalduko dituzte boilurrez eta perretxikoz egindako platerak. Umeentzako menua ere egongo da. Irteera autobusez egingo dute, eta 50 euro balio ditu nagusientzat, eta 20 euro, umeentzat. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 23a da: 658 746 537 (whatsapp) eta zizegorri@gmail.com. Kolitza aparkalekutik 08:30ean irtengo dira, eta Zamudiora 19:00etan itzuliko dira.
Zamudion ez ezik Txorierrin ere izan duten harrera eskertu nahi dute Zizegorri elkarteko kideek. “Gure ikuspegi xumetik, saiatu gara mikologia Zamudiora ekartzen. Era berean, ahalegindu gara naturaren ezagutza eta harekiko errespetua zabaltzen. Bestalde, mikologiari buruzko kontsulta asko jaso ditugu, eta lagun asko egin”.