"Oso pozik gaude”, esan digu Zamudioko gazteak. “Espero genuena baino askoz gehiago jaso dugu entzuleengandik, eta lagunen eta jendearen berotasuna sentitzea baino sentsazio hoberik ez dago”. Aramu taldea 2023an sortu zen Marurin, eta taldekideak hauek dira: Ager Garai (gitarra eta ahotsa), Gorka Argaluza (ahotsa), Berart Gartzia (baxua eta ahotsa), Isemene Pellejero (gitarra eta ahotsa) eta Mikel Muruaga (bateria).
Berartek azaldu digunez, rock taldeen abestiak jotzen zituzten hasieran, baina estilo propioa garatzeko gogoa piztu zi-tzaien, eta bera taldean sartu zela, iazko apirilean, hasi ziren euren estilo bila. “Bide horretan, Nora hegan egin abestia hartu genuen erreferentziatzat, Spotify plataforman ditugunen artean gehien gustatzen zaiguna delako, eta indie-rock edo punk-rock estiloetara egin genuen salto. Hala ere, partaide bakoitzak gustukoen dituen estiloek isla dute taldearen sorkuntzan, hala nola funkyak, gospelak eta pop-rockak”.
Sorkuntza-prozesuan bete-betean zeudela animatu ziren Gaztea Maketa Lehiaketan parte hartzera. “Pentsatu genuen aukera ona izan zitekeela gure musika jende gehiagori erakusteko eta esperientziak aberastuko gintuela kide eta musikari moduan”. Hiru kanta aurkeztu zituzten: aipatutako Nora hegan egin, Zaldi gainean eta Amaieraren hasiera. “Finalerdira iritsi ginela jakin genuenean ikaratu ginen, eta entzuleek finalean egoteko aukeratu gintuztela jakin genuenean, harritu. Finalean egotea sinestezina izan zen, eta azkenean entzuleen sariarekin itzuli ginen etxera”. Gaztearen hitzetan, oso esperientzia gomendagarria izan da. “Gure musika ezagutzera emateak asko bete gaitu talde moduan, eta baliagarria izan da gure arteko harremana gehiago estutzeko. Gainera, entzule berriak lortu ditugu leku askotan, eta kontzertuak egiteko aukera ere bai. Beste musika-talde batzuk ezagutu ditugu, eta haiengandik ikastea oso aberasgarria izan da musikari bezala”.
Aramuk hiru abestik osatutako disko laburra du, eta Aste Santurako-edo disko berria kaleratzeko asmoa dute. “Lana erakusteko irrikan gaude. Bakoitzak gure ukitua gehitu dugu abestietan, eta hainbat estilo antzeman daitezke kanta bakoitzean, baina, era berean, guztiek dute Aramu taldearen ukitua. Hori lortu nahi genuen, hain zuzen, identitate bat sortzea, baina gustuko ditugun estiloak alde batera utzi gabe”. Diskoa kaleratuta, kontzertuak egiten hasiko dira. “Hori da gehien gustatzen zaiguna”. Zuzenekoez gozatzea da, beraz, epe laburrerako duten helburuetako bat. “Ez dakigu epe luzean zer etorriko den. Gaur egun gogoko duguna egiten gabiltza, eta uste dugu hori dela jarraitu beharreko bidea. Datorrena datorrela, bidea gozatuko dugu”.
Bost harikoa
Baxuaz gainera, zamudioztarrak hainbat musika-instrumentu jotzen ditu; pianoa eta biolontxeloa, haien artean. Kontrabaxuarekin saiatzea gustatuko li- tzaiokeela aipatu digu, “haren edo baxu elektrikoaren soinuak gehiago betetzen nauelako”, eta erosoen pianoa jotzen sentitzen dela. “Instrumenturik konpletoena da, nire ustez. Piano-jotzaileak melodia eta armonia aldi berean eta eroso jotzeko gaitasuna du, eta horrek pieza osoak interpretatzeko aukera ematen du, beste instrumentu baten beharrik gabe. Hortaz, erraza da orkestrako instrumentuen soinuak eta giroak imitatzea. Eta zer esa-nik ez, teklatu elektronikoa bada. Ondo pasatzen dut pianoa zein baxua jotzen, baina pianoak gehiago laguntzen dit sorkuntza-prozesuan”.
Berartek bost hariko baxua jotzen du Aramu taldean; Markus Miller bat, zehatz-mehatz. Alde batetik, bere musikari gogokoenek bost hariko baxua jotzeak arreta eman zion –adibidez, Sharay Reedek eta Mono Neonek–; eta bestetik, baxu horri esker, hainbat estilotara moldatu daiteke eta konposizioetan gustuko dituen lineak sortu ditzake. “Jazza, gospela eta funkya gustatzen zaizkit. Estilo horietan asko jolasten da altuerarekin, eta hari baxuago bat dudanez, nahi moduan jo ditzaket esandako musika-estiloak”.
Musikaz blai
Musikarako zaletasuna familiarengandik datorkio. “Ama piano-jo- tzailea eta kantuko irakaslea da, eta familia musikariz beteta dago: amabitxi, akordeoilaria; amona, abeslaria; amaren izeko, piano-jotzailea; birraitite, trikitilaria… Beti abestu izan dugu etxean”. Hortaz, ez da harritzekoa umetxoa zela musika-ibilbidea hasi izana. Lau urte zituenean amarekin jotzen hasi zen, eta hurrengo urtean Derioko musika-eskolan eman zuen izena. Kontserbatorioan ere ikasi du, eta pianoan espezializatu. Gradu profesionala amaituta, inprobisazioan, akonpainamenduan eta harmonizazioan trebatzen jarraitu du.
Lehen Hezkuntzako Gradua ere ikasi du, eta ingelesean, musikan eta pedagogia terapeutikoan espezializatu. Irakaskuntzan dabil goizez, eta arratsaldeak ematen ditu obra berriak lantzen, Aramu taldearekin entseatzen, kirola egiten eta Zoli Zamudioko abesbatza zuzentzen. “Egunero nabil pianoan eta hori da nire lehentasuna, nahiz eta egunero baxua ere jotzen saiatzen naizen”.
Kontatu digunez, konposizioan ibil- tzeko asmoa du, webgune bat sortu, eta bertan piano-jotzaile edo konpositore zerbitzua eskaini. “Aurten hasiko naiz hori bideratzen. Bestalde, Aramuko taldekideek diskoa, merchandising-a, kontzertuak eta hainbat proiektu eramango ditugu aurrera. Zoli abesbatzari dagokionez, azkenik, gustatuko litzaidake abeslari gehiago egotea, eta lerro hauetatik gonbidatu nahi ditut zazpi urtetik 14 urtera bitarteko gaztetxoak gurekin abestera”.
Horri lotuta, musikak eta abesteak dituzten onurak azpimarratu dizkigu. “Guztiontzat lagungarria izan daiteke maila fisikoan, emozionalean eta akademikoan. Izan ere, emozioak kudeatzeaz gainera, lantzen dira kontzentrazioa, entzumena, diziplina, memoria, koordinazioa eta sormena, batzuk aipatzearren. Beraz, denon esku dago, kirolarekin, dantzarekin, edo antzerkiarekin batera, hezkuntzan eta gure egunerokotasunean musikak duen pisua handitzea. Nik nire erara erakutsi nahi dut, dibertitzeaz gainera, Zoli abesbatzan ikasleek musikari etekina atera diezaioketela”.