9,6 milioi euroko aurrekontua du Zamudiok 2025erako

Aikor aldizkaria 2025ko ots. 5a, 13:31

Zamudiorain! udal-aldizkarian ezagutzera eman dutenez, Zamudioko Udalak 9,6 milioi euroko aurrekontua onartu du 2025erako, iaz baino % 7,36 gehiago. Argitalpenean adierazi dutenez, aurrekontua diseinatu dute “Zamudiok gaur egungo zerbitzuei eta bizi kalitateari eusteko beharrezkoak diren gastuak eta diru-sarrerak kontuan hartuta, udalerriko herritar guztien onurako”.

Udalak azaldu moduan, diru-sarreren % 41,35 lau zergaren arabera aurreikusi dute: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (1.404.000 €), Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga (331.000 €), Hiri Lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga (59.000 €) eta Ekonomia-jardueren gaineko Zerga (2.172.000 €). Horrezaz gainera, aurreikusi dute 547.000 € jasoko dituztela Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zergatik, eta 2.879.000 € Udalkutxatik.  

Gastuei dagokienez, udal-aldizkarian adierazi dute gastuak % 10,25 handitu direla (393.700 euro) eta igoera garrantzitsuena eraikinak eta azpiegiturak kontserbatzeari eta konpontzeari lotuta dagoela. Era berean, auzoetan hainbat lan egitea aurreikusi dute, eta diru-partida handiagoa onartu dute Benidormerako bidaiarako, ekintza soziokulturaletarako, azokarako eta Zamudio Parti egitasmorako. Bestalde, esan dute aurrekontuan diru-partida bat sartu dutela Zamudioko Gazte Enplegu programaren testuinguruan bi administratzaile-laguntzaile eta peoi bat kontratatzeko. “Udal-eraikinak energiaz hornitzeko gastua eta batzarretan parte hartzeagatik zinegotziek jasotzen dituzten dietak, aldiz, txikitu dira, % -5,95 eta % -10,71 hurrenez hurren. Igogailuak ipintzeko eta eraikinak eraberritzeko laguntzak ere sartu dira aurrekontuan”, idatzi dute udal-aldizkarian.