Herritarrak, Lagatzu Eguneko protagonistak

Aikor aldizkaria 2025ko eka. 30a, 14:31

Zapatuan, ekainak 28, Lagatzu Eguna – Euskal Jaia ospatu zuten Zamudion, bertako euskara elkarteak antolatuta. Zamudioztarrak eta herriko taldeak izan dira aurtengo edizioko protagonistak, eta egundoko beroa egin arren, beste behin ere erantzun diote Lagatzuren deiari.

Egia esan, beroak markatu zuen eguna, baina taldeek oso emankizun politak egin zituzten. Beti bezala, bazkarian eta bazkalostekoan ere giro ona egon zen, eta taldeek parte hartu zuten bertan. Gero, erromeria izan genuen Trikizio taldearekin, eta jendea pozik eta gustura egon zen”, adierazi dute Lagatzukoek. Arbolantxa kalean eta inguruetan azoka antzeko bat atondu zen parte-hartzaileek euren lana ikusgai egiteko, eta Amaia Uribe Astorkia kazetaria azokari buruzko erreportajea egiten ibili zen. Erreportajea herri osoaren eskura ipiniko da. Bestalde, aipatu beharra dago barikuan ere Triskele taldearen musika-saioa egin zela Lagatzu Eguna – Euskal Jaiaren egitarauaren baitan. “Urtero moduan balorazio positiboa egiten dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu herriko taldeei, haiek barik ezin izango genukeelako halako egitasmorik antolatu”.