EZ NAHASTU
Xanthium strumarium-arekin nahas daiteke. Espezie honek Amerikan du jatorria eta gaur egun Europan ere aurki daiteke. Lapabelar arrunta deitzen zaio nahiz eta lapabelarrarekin zerikusirik izan ez. Hauek ondo ezberdintzeko, jakin beharra dugu lapabelar edo irastorraren hostoek obalo forma dutela eta hauen fruituak borobil forma dutela. Xanthium strumarium-aren fruituak, berriz, arrautza-forma luzea dute (1 eta 1,5 zentimetro arteko luzera) eta haren hostoek triangelu forma.
BILKETA
Lehen urtean, bere sustraia udazkenean bil daiteke eta bigarren urtean udazkena eta udaberriaren artean bil daiteke (lorearen zurtoina agertu aurretik). Sustraiak sarde batekin atera lurpetik, eskuilatu eta ur askorekin garbitu, izan dezakeen lur dena kentzeko. Ondo garbitu zuri egon arte.
Sustraia lehortu nahi badugu, urte osoan eskuragai izateko, luzetarako forman edo xaflatxoetan moztu behar da eta lehortzen utzi. Lehenengo eguzkitan egun batzuk utzita lehortzea gomendatzen da deshidratazioa azkartzeko (balkoian sukaldeko papera duen erretilu batean jar daiteke), ondoren etxean sartu eta gerizpean lehortzen uztea, leku aireztatu batean, argia zuzenean jotzen ez dion lekuan.
SUKALDARITZAKO ERABILERAK
Landare honen sustraia Erdi Aroan asko jaten zen, sustrai freskoak mantenugai ugari ditu, mineral eta bitaminetan oso aberatsa, heste-florarentzat oso onuragarria. Gaur egun pertsona gutxik erabiltzen dute haien eguneroko elikaduran, Japonian izan ezik, bertan egunerokotasunean kontsumitzen jarraitzen da. Gaur egun, sukaldaritza makrobiotikoari esker, honen erabilera areagotzen ari da.
Sustrai gaztea erabiltzea gomen-datzen da, urte bateko landarekoa, samurragoa baita. Sopa edo kremetan erabiltzen da, frijitu edo erre egiten da, patata balitz bezala.
Honen hostoak jangarriak dira, baina mikatzak. Honen hosto gazteak gordinik entsaladetan erabil daitezke eta hosto zaharragoak elikagaiak biltzeko eta txingarretan sukaldatzeko.
Lore-zurtoina, loreak irten baino lehen, gordinik erabil daiteke entsaladetarako edo porrua erabiltzen dugun moduan erabili. Erabili baino lehen zuritu behar da zapore mikatza kentzeko.
Ernamuindutako haziak entsaladetan, zopetan… gehitzen dira.
PROPIETATE DIETETIKOAK
Lapabelar osoa oso elikagarria da, batez ere sustraia. Karbohidratoetan oso aberatsa da, B6, B1, B2, B3, C, E eta K bezalako bitaminetan ere, eta manganeso, magnesio, fosforo, potasio, burdina, kal-tzio eta zink bezalako mineraletan.
Errezeta: lapabelardun zopa garbigarri eta elikagarria
Osagaiak: lapabelar sustrai zopa-koilarakada 1; zatitxoetan moztutako azenario zuritu 1; porru garbi 1, xafla txikietan moztua; zatitxoetan moztutako tipula ½; 2 baratxuri-ale, xafla oso meheetan moztuak; ura edo barazki-salda.
Elaborazioa:
Lapiko batean oliba olio pixka bat bota eta barazkiak salteatu, lapabelarra izan ezik. Hamar minutu inguru.
Ur edo saldaz bete, barazkiak estali arte. Irakiten utzi su erdi-geldoan 20-40 minutu artean edo barazkiak ondo bigundu arte.
Bitartean, burruntzali batean lapabelarra eta ur edalontzi bat gehitu (200-250 ml), utzi irakiten ur ertainean 10-15 minutuz estalkia jarrita duela. Sua amatatu eta jalkitzen utzi 15 minutu.
Zopa prest dagoenean lapabelarraren infusioa gehitu, gazpipertu eta nahasi. Zopa hau dagoen moduan har daiteke, zopa edo pure bezala, baina arroz integrala edo gustuko duzun beste zerealen bat gehi dezakezu. ¡On egin!