zamudioko jaiak

Lehen aldiz jaietan gauez auzoetara itzultzeko minibusak egongo dira

Aikor aldizkaria 2026ko maiatzaren 20a

Maiatzaren 22tik 25era ospatuko dira Zamudioko Pazko Jaiak. Beste behin ere adin eta gustu guztientzako egitarau oparoa antolatu dute Zamudioko Udalak eta Eguraldi Ona Jai Batzordeak. Berritasun nagusia da, aurten lehen aldiz gauez auzoetara itzultzeko minibusa jarriko dutela.

Zamudioko Pazko Jaiak ospakizun gorenaren sinonimo dira. Lau egun besterik ez, baina bete-betekoak. Izan ere, barikutik astelehenera zeregiteko handia bezain anitza izaten da. Ez dago atseden hartzeko edo aspertzeko astirik.

Maiatzaren 22an pregoia irakurri eta txupinazoa jaurtitzen denetik, Pazko Jaiek eztanda egiten dute. Aurten, Hiru Bat dantza taldeak izango du jai giroak eztanda egiteko ardura eta ohorea. Bertoko eta Gazte Elai Txistu taldearen eskutik kalejirarekin jarraituko dute. Lagunandre Elkarteak perretxiko solidarioen dastaketa egingo du Sabino Arana plazan, dantzak nahiago dituenak lineako eta aretoko dantzen erakustaldia izango du frontoian. Iluntzea Ku-Klux fanfarrearekin eta suzko zezenarekin egingo dute zamudioztarrek. Gaua luzatzeko ardura eskualdeko Matxinada taldeak, Gozategi talde historikoak eta Lehian erromeriak izango dute.

 (Egin klik handiago ikusteko)

Hain zuzen ere, gauez helduko da aurtengo berritasuna nagusia. Lehen aldiz, herrigunetik auzoetara joateko minibusa jarriko du udalak. Doakoa izango da eta begiralearekin eta guzti. 00:00etatik 06:00ak arte emango du zerbitzua, orduro.  Irteera puntua 0874 - Arteaga autobus geltokian izango da, tren geltokiaren ondoan (Txorierriko Etorbidea, 4). Mininus zerbitzua barikuan bakarrik ez, zapatuan ere egongo da.

Jaietako zapatua Sukalki Eguna izaten da Zamudioko Pazko Jaietan. Hori bai, sukalki txapelketan bakarrik ez, tortilla txapelketan ere parte hartu nahi dutenek arin ibili beharko dira 09:00etan hasiko baita txapelketetarako izen ematea, Bidekoetxe parkean. 14:00etan hasiko dute dastaketa eta jarraian egingo dute sari banaketa. Herriko txikienek ere ez dute zereginik faltako, puzgarriak eta bits jaiak izango baitituzte egunean zehar. Iluntzean eta gauean musika izango da protagonista koralekin elizan, Burrunba elektrotxarangarekin eta kontzertuekin. Haize Errosa, Etxepe eta DJ Porty igoko dira oholtzara zapatu gauean.

Domekan, nagusiagoentzako egitaraua atondu dute mezarekin, pilota partidekin, bertsolariekin edota Hiru Bat eta Txitxarrilloa Galea dantza taldeekin. Astelehenerako ere ekintzak antolatu dituzte: ginkana, meza eta karta txapelketa.