“Militantzia komunista, abertzalea eta antifaxista jarri nahi izan dute begi puntuan”

Mikel Reina Barros 2026ko uztailaren 27a

Espainiako eskuin muturreko Daniel Estevek, Desokupa taldeko buruak, eta Alberto Pugilatok Alain Eiguren Zubizarreta zamudioztarraren aurkako ehiza kanpaina osatu dute sare sozialetan ustez Espainiako bandera zeramatzan gazte bat jipoitu zuen gezurra zabalduz. Aikor aldizkariko kolaboratzaileak salatu egin ditu eta kereila aurkeztuko du.

Joan den aste amaieran Daniel Estevek eta Alberto Pugilatok Espainiako eskuin muturreko kideek Bilbon Espainiako ikurrak zeramatzan gazte bat jipoitu zituztenak identifikatu nahi izan zituzten bideo bidez. Inolako argudio edota frogarik gabe, Alain Eiguren Zubizarreta zamudioztarra salatu zuten sare sozialetan. Erabateko ehiza kanpaina abiatu zuten gaztearen kontra, nahiz eta irudietan argi asko ikusten den pertsona identifikatzen dutena ez dela bera.

Hain zuzen ere, akusazio faltsu horrengatik eta eragindako gorroto kanpainarengatik, Eigurenek Esteve eta Pugilatoren aurkako salaketa jarri du. Bilboko udaltzain etxetik pasatu da eta guzti konproba zezaten ez zela bera irudietan agertzen dena. “Mina eginda dago, nire ohore, duintasun eta segurtasunaren kontra eta nire familiaren izen-abizenak partekatuta”, adierazi du. 

Lagunen bidez izan zuen bere izena zabaltzen ari zenaren berri. Sare sozialetatik gorroto mezuak jasotzen hasi zen eskuin muturreko kideengandik. Orduan, X plataforman argitu zuen ez zuela inolako zerikusirik esaten zutenarekin. “Horrelakoetan, ez zaie erantzun behar, ez da haiekin hitz egin behar, ezta kasurik egin ere. Horrelako profilei hide&block egin behar zaie, hau da, ezkutatu eta blokeatu. Hori da modurik eraginkorrena faxismoa sare sozialetatik desagertzeko”.

Izan ere, Esteve eta Pugilatok beranduago mezuak ezabatu eta akatsa onartu bazuten ere, ordurako mina eginda zegoen. Salaketa aurkezteko jasotako gorroto mezu denak, mehatxuekin eta guzti, sailkatzen hasi zen, ahalik eta ondoen eta argian antolatuta izateko. Ondoren, Ertzaintzaren aurrean salaketa jarri bakarrik ez, bide judiziala ere hartuko du Eigurenek eta kereila aurkeztuko du.

Aikor aldizkariko kolaboratzaileak argi dauka non dagoen jatorria. “X plataforman, Cake Minuesa eskuin muturreko beste probokatzaile bat Espainiako Selekzioak Munduko Txapelketako finalaren egunean Bilbon egon zeneko mezu batengatik dator hau guztia. Nire profilean ikusiko zuten zer nolako ideologia daukadan eta edozein kontu baliatu nahi izan zuten nire kontra egiteko. Edonori gertatu ahal zitzaion, eta niri gertatu zait”. 

“Militantzia komunista, abertzalea eta antifaxista jarri nahi izan dute begi puntuan. Haien atzetik diru eta babes handia dute, dakikezuenez, faxismoa kapitalismoa dekadentzian dagoenean berak erabiltzen duen tresna da. Faxismoari erantzun argia eman behar zaio, kaleetan, lan zentroetan, unibertsitateetan… toki guztietatik kaleratu behar da faxismoa. Euskal Herritik ez dira pasako”, dio. Era berean, eskertu nahi izan ditu azken egunetan jasotako elkartasun mezu guztiak, hauek ere asko izan baitira.