Herriko bi futbol taldeekiko “kudeaketa orekatua” eskatu dute

Mikel Reina Barros 2026ko uztailaren 30a

Zamudio SD utzi eta Iraultza FT taldera lekualdatu dira zenbait jokalari, baina entrenatzeko dituzten “ordutegi desegokiak” eta Zamudioko Udalak egoera konpontzeko “ezintasuna” salatu dute gaur, uztailak 30, udaletxe aurrean egindako elkarretaratzean.

2025-2026 denboralditik dator guztia. SD Zamudioko talde batek liga irabazi eta kopako txapeldunorde geratzea lortu zuen. Emaitza onek, normalean, jarraipena ekartzen dute. Baina, kasu honetan, 18 jokalarietako 14 jokalarik taldea uztea erabaki dute. Horietako zortzik Zamudioko Iraultza FT taldera joateko erabakia hartu dute, beraien entrenatzaileekin batera. Gurasoen ustez, jokalari zein entrenatzaileentzako, Zamudio SD “aurkako klub baten” bilakatu da.

Azkenean, jokalariek herrian futbolera jokatzen jarraitzeko aukera dute. Entrenamenduen ordutegiek, ordea, eztabaida sortu dute. Kexu agertu dira gurasoak jubenil mailako talde bateri 21:15etik 22:45era arteko ordutegia eman diotelako. Futbol zelaiko ardura Zamudio SDk dauka, nahiz eta Iraultza FTk ere bertan jokatzen duen. Klub berriak nagusien taldearekin ordutegiak aldatzea lortu du “aurreko ordutegiak  ez hanka ez bururik” ez zutelako.

Hain zuzen ere, kudeaketa horren ardura Zamudioko Udalari ere egotzi diote, kontuan izan dezaten herrian bi futbol talde daudela. “Udalak, erakunde publikoa eta guztion ondasunak kudeatzen dituen aldetik, ezin die batzuei mesede egin besteen kaltetan, eta are gutxiago itsu edo geldirik geratu gure errealitatearen aurrean”, adierazi dute.