Lander Aretxabaleta Jauregi izango da berriro EAJren Zamudioko alkategaia. Egungo alkateak hautagaitza jeltzalearen buru izaten jarraituko du, “agintaldi honetan egindako lanari eta Zamudioren egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko abian jarritako proiektuei jarraipena emateko helburuarekin”.
Aretxabaletak alkatetza hartu zuenean izan zituen “ilusio eta konpromiso berberak” mantentzen ditu. Bere kudeaketa eredua, azaldu duenez, “hurbiltasunean, zorroztasunean eta herritarren beharrak ekintza eta proiektu zehatz bihurtzeko gaitasunean” oinarritzen dela dio.
Ardatz moduan jarri ditu etxebizitza, udalerriaren eraldaketa edota udal ekipamenduak eta espazio publikoak hobetzeko lanak. Aretxabaletaren esanetan, helburua du “hurbiltasunetik eta entzute aktibotik lanean jarraitzea, Zamudio hobetzen jarraitzeko eta herritarren beharrei erantzuteko”.