‘Emakumeak zientzian’ erakusketa Zamudiora helduko da azaroan, Dorretxera, hain zuzen ere. Horrenbestez, zamudioztarrek erakusketaz gozatzeko aukera izango dute. “Helburu nagusia da komunikabideetako genero estereotipoei buruzko hausnarketa kritikorako tresnak herritarrei hurbiltzea, eta, aldi berean, emakumeek zientziaren eta ikerketaren arloan historian izan dituzten eta gaur egun dituzten eginkizuna eta ekarpenak ezagutzera ematea”, azaldu dute antolatzaileek.
Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatu eta ahaldun nagusiordeak emakume gazteentzako erreferenteak sortzeko premian jarri du arreta: “Funtsezkoa da zientzian eta ikerketan erabakigarriak izan diren emakumeek dagokien lekua izatea memoria kolektiboan. Etorkizuneko belaunaldiak inspiratu eta emakumeen talentuak mugarik ez duela erakutsi nahi dugu”.