Zein da azokaren helburua?
Zamudioko Azokaren helburua gure lehen sektorea, tokiko produktuak, artisautza eta tradizioak balioan jartzea da, eta, aldi berean, herritarentzako, nekazarientzako eta bisitarientzako topagune eder bat eskaintzea. Azoka gure herriaren nortasunaren parte da, eta urtero saiatu egiten gara tradizio hori manten- tzen, baina baita programa erakargarri eta askotarikoa eskaintzen ere.
Tradizio eta ospe handiko azoka da, herri askotako bizilagunak datoz Zamudiora. Zelan baloratzen duzu erakarpen hori?
Oso positiboki. Guretzat harro egoteko modukoa da urtero Zamudiora Txorierritik zein Euskadiko beste herri askotatik jendea etortzea. Azoka erreferentziazko hitzordu bihurtu da, eta horrek herriari bizitasuna ematen dio. Gainera, aukera paregabea da Zamudio ezagutzeko, gure kaleetan giroaz gozatzeko eta bertako ostalaritza eta merkataritza ere ezagutzeko eta indartzeko.
Azoka bakarrik ez, bere inguruan beste ekintza asko antolatu dituzue. Zeintzuk dira ekimen horiek?
Aurten ere egitarau zabala prestatu dugu, eta jarduerak ostiraletik astelehenera luzatuko dira. Barikuan, Zamudiotorren, Zamudioko emakume baserritarren aitortza egingo dugu, eta ondoren idi-probak izango dira.
Zapatuan, besteak beste, XII. Txokolate, Gozoki eta Artisautza Azoka, txokolate-dastaketa eta tailerra, ganadu-lehiaketak, Bizkaiko Giza Proba, herri-bazkaria, izozki-dastaketa eta tailerra eta musika izango ditugu. Herri-bazkarian, aurten indabagorria egingo da putxeretan eta limusin-hanburgesak.
Domekan, Zamudioko Azokarekin batera, Limusin ganaduaren erakusketa eta lehiaketa, ganadu-enkantea, txakolin-dastaketa, nekazaritza-lehiaketa eta idi-probak egingo dira. Astelehenean ere idi-probak izango dira, egitarauari amaiera emateko.

Bestetik, zein ekimen nabarmenduko zenuke?
Aurten hainbat ekimen nabarmenduko nituzke. Alde batetik, Zamudioko emakume baserritarrei egingo diegun aitortza. Garrantzitsua iruditzen zaigu lehen sektorean egin duten eta egiten duten lana eta ekarpena ikusgarri egitea eta merezi duten aitortza eskaintzea. Azoka bezalako hitzordu batean egiteak, gainera, zentzu berezia dauka, lehen sektorea eta landa-mundua baitira egun hauetako protagonistetako nagusienak.
Bestetik, oso pozgarria da ganadua berriro ere azokara itzultzea. Iaz ezin izan zen ganadu-erakusketarik egin osasun-prebentzioagatik, eta aurten Euskadiko XXXI. Limusin Ganadu Txapelketa ospatuko da Zamudion. Horrek azokaren izaera tradizionala eta lehen sektorearekin duen lotura indartzen ditu.
Zenbat postu egongo dira?
90 postutik gora izango ditugu. Kopuru oso ona da, eta Azokak erakusketari eta ekoizleen artean duen interesa eta indarra erakusten du. Postuak azoka-eremuan banatuko dira, eta eskaintza askotarikoa izango da: elikagaiak, gozokiak eta txokolatea, artisautza, nekazaritzako produktuak eta bestelako tokiko produktuak aurkitu ahal izango dira. Helburua da bisitariak azokatik paseatu eta askotariko proposamenez gozatzeko aukera izatea.
Iaz ez zen ganadurik egon dermatosiarengatik, aurten berriro egongo da?
Bai. Iaz, dermatosi nodular kutsakorraren aurkako prebentzio-neurriengatik, ganadu-erakusketa bertan behera utzi behar izan genuen. Aurten, berriz, ganadua Zamudioko Azokara itzuliko da, eta Euskadiko XXXI. Limusin Ganadu Txapelketa izango dugu.
Zapatuan abere emeen eta arren lehiaketak egingo dira, eta igandean Limusin ganaduaren erakusketa eta lehiaketa, abereen enkantea eta txapelketako sari- banaketa izango ditugu.
Zenbateko garrantzia dauka berriro ere ganadua ekartzea?
Garrantzi handia dauka. Ganadua historikoki Zamudioko Azokaren parte izan da, eta azokaren nekazaritza- eta abeltzain- tza-izaerarekin lotura zuzena dauka. Gainera, abeltzainek egiten duten lana ikusarazteko eta herritarrak lehen sektorera hurbiltzeko aukera ematen du.
Iaz egoera berezi bati aurre egin behar izan genion, eta horregatik aurten oso pozgarria da ganadua berriro gure artean izatea.
Zer aurreikuspen dituzue azokarako?
Aurreikuspen onak ditugu. 90 postutik gora, ganaduaren itzulera eta lau egunetan zehar jarduera ugari izango ditugu, eta espero dugu aurreko urteetan bezala jende askok parte hartzea. Gure nahia da Azoka herritarrek zein kanpotik etortzen direnek gozatzeko hitzordua izatea, giro onean, eta lehen sektorea, tokiko produktuak eta gure tradizioak protagonista izatea.
Zer esango zenioke zalantzan dagoen herritar bati azokara bertaratzera animatzeko?
Etortzeko esango nioke, zalantzarik gabe. Zamudioko Azoka ez da soilik postuak ikustera etortzea: giroa, gastronomia, ganadua, dastaketak, lehiaketak, herri-kirola, musika eta beste hainbat jarduera izango dira.
Familian, lagunekin edo bakarrik etorrita ere, bada zer ikusi eta zer gozatu. Gainera, aurten ganadua berriro izango dugu, Euskadiko XXXI. Limusin Ganadu Txapelketa ospatuko da eta 90 postutik gora egongo dira. Gainera, azoka osoa karpapean egiten da. Aukera ederra da Zamudiora etorri, eta gure Azoka eta gure herria bertatik bertara bizitzeko.
