Azaroa ez da beste edozein hilabete Zamudion. San Martin Eguna, jai eguna da herrian, eta lehen bi asteburuetan zeregitekoa ez da faltatzen, lehenengoan azokaren inguruko guztiarekin eta bigarrenean jaiekin. Azaroaren 11tik 15era ospatuko dituzte San Martin jaiak.
Behar bezala ospatzeko, Zamudioko Udalak eta Eguraldi Ona Jai Batzordeak bete-beteko egitaraua antolatu du. Zelan ez, San Martin egunean emango diete hasiera ospakizunei. Azaroaren 11n, goizean txikienek zirku tailerra egiteko aukera izango dute eta arratsaldean, Zamudio Racingen eskutik, jolasak izango dituzte, biak ala biak frontoian. Nagusiek, ordea, meza, karta txapelketa edota odoloste dastaketa izango dute aukeran. Hurrengokoak dira parte hartuko duten tabernak: Adintsuen Etxea, Ama3, Amaitz, Bide Bi, Bidegorri, Fernan, Mosai, Crazy Guitar, Batzokia eta Pikoteo. Azaroaren 12an, San Martintxu Eguna ospatuko dute, meza egingo dute eta gero luntxa, portikoan.
Ohi bezala, Udalak auzoetarako autobus berezia jarriko du, begirale eta guzti. Bariku eta zapatuan 00:00etatik 06:00etara egongo da erabilgarri
Hori bai, ofizialki, San Martin jaiak ez dira azaroaren 13ra arte hasiko. Hain zuzen ere, ez dagoelako jairik txupinazo eta pregoi barik. Aurten, Perretxiko Uztela txokoko kideek izango dute horren ardura eta ohorea. Kalejiraren ostean, suzko zezena edota Kalean txarangak girotuko du iluntzea. Hau da, musika izango da protagonista barikuan, zer esa-nik ez gauean. Skabidean taldea igoko da plazako oholtzara eta Brian Leitza DJak luzatuko du jai giroa gaueko ordu txikietara arte. Skabidean taldeak ibilbide luze eta oparoa dauka, 2012an sortu zuten Iruñean eta ska eta reggae doinuak uztartzen dituzte beraien kontzertuetan.
Zapatuan umeek amantalak jarriko dituzte. Batetik, taloa egiten ikasteko tailerra izango dute Karrejuan, eta bestetik, perretxikoak egitekoa, frontoian. Gero, nagusiekin elkartu eta herri bazkarian batuko dira adin guztietako zamudioztarrak. Bazkarirako tiketak salgai daude dagoeneko, umeek 10 euro ordaindu behar dituzte eta nagusiek 15 euro. Bazkaldu ostean, kuadrillen arteko jolasak egingo dituzte.
Aurreko egunean bezala, musikaren bidez luzatuko dute eguna. Hasteko, Hamaika Buru Txistu taldearen, Zoli Abesbatzaren eta Zamudioko Kamara Koralaren kontzertuarekin. Jarraian, Matraka Elektrotxarangak girotuko ditu kaleak. Azkenik, Old Glasses taldea, Akerbeltz erromeria eta Xaukena Xauk Djak igoko dira oholtzara. Old Glasses Zallako rock bertsio talde bat da eta Azken 50-70 urteetako rock klasiko handien bertsioak egiten dituzte, euskaraz, ingelesez zein gaztelaniaz abestuz.
Jaiei amaiera emateko, bere 55. urteurrenean Hiru Bat dantza taldeak emanaldia eskainiko du frontoian. Bitartean, Los amigos del Swing taldeak kontzertu berezia eskainiko du Adintsuen Etxean. Glowdrums taldearekin Perretxikoren erreketarekin amaituko dituzte San Martin jaiak hurrengo urtera arte agurtuz.
Ohi bezala, Zamudioko Udalak auzoetarako autobus berezia jarriko du, begirale eta guzti. Bariku eta zapatuan 00:00etatik 06:00etara egongo da autobusa erabilgarri, Arteaga autobus geltokitik aterako da. Horrez gain, udaletik nabarmendu dute ez dutela inolako erasorik onartuko San Martin jaietan eta 633 19 60 14 telefonoa jarri dute erabilgarri.
