Unai Kastresana, abenturazalea: “Txile paisaia ikaragarriz apainduriko herrialde ederra da, kirola praktikatzeko leku aproposa”

Aikor aldizkaria 2007ko uzt. 18a, 08:19
Testua eta argazkia: Eder Merino
Vietnameko leize ilunetan eta Txileko Patagonian, besteak beste, egon da. Bera Unai Kastresana Ursua da, derioztar abenturazale sutsua. Hogeita bederatzi urteko gaztea, bost kontinentetik bidaiatu da abentura bila eta herrialde eta kultura berriak ezagutzeaz gain, eskalada eta trekking-a bezalako kirolak praktikatu ditu egondako leku orotan. Baso-lanak eta natura zainketa ikasketak burutu zituen eta mantentzaile elektrikoa ere bada, baina ogibidez, soroslea. Urrian, Bolivia eta Txilera bidaiatuko da abentura berri bila. Abentura-gose horren inguruan solasaldia izan dugu berarekin. Nola edo nondik datorkizu abenturarako irrika hori? Egia esan, nik aukeratutako bidea izan da; nire familian ez da horrelako abentura-goserik duen inor. Noiztik bidaiatzen duzu? Oso mendizalea izan naiz betidanik. Amildegi jaitsierak 17 urterekin hasi nintzen egiten, eta eskalatzen, 20 urterekin. Eta nora joan zinen lehenengo aldiz? Marokora, 19 urte nituenean. Tukal mendia eskalatzera joan nintzen. Ondoren hamaika bidaia egin ditut: Vietnamera 22 urte nituela, horien artean. Noiz egiten dituzu bidaiak? Hego Amerikara bidaiatzeko urtarorik onena udazkena izaten da, urritik abendura, klima eta baldintza klimatikoak egokiak izaten baitira. Leku batera bidaiatu aurretik baldintza klimatikoak izaten ditut kontuan. Adibidez, otsailean Marokora joan eta egundoko hotza eta elurtea jasan behar izan genituen. Zenbat denbora ematen duzu kanpoan? Hilabete inguru, normalean. Irailean hilabete batean joango naiz Alpeetara, eta horren ostean, bi hilabete eta erdi emango ditut Bolivia eta Txilen. Zein lekutan egon zara? Mendizaletasunak Txile, Vietnam, Maroko, Argentina eta Uruguayera eraman nau eta eskalatzen, ordea, Sardiniatik ibili naiz. Frantziara eskalatzera joaten saiatu ginen behin, baina baldintza klimatiko desegokien erruz ezin izan genuen. Zein izan da bisitatu duzun lekurik erakargarriena? Txile, kontraste bortitzez osaturiko herrialdea baita. Alde batetik, Patagonia dago bertan eta beste alde batetik, Atakamako basamortua. Paisaia ezberdinez apaindutako herrialdea da. Une larririk bizi izan duzu inoiz? Behin Frantziako Pirinioetara joan ginen eskalada praktikatzera. Bertan geundela lainoa eratu eta galdu ginen. Ez genekien non genuen autoa eta bueltatzea ezinezkoa zen. Elurretan “Vivak” bat (babeslekua) sortu behar izan genuen gaua pasatzeko. Ez genuen materialik eta tenperatura 0 azpitik 15 gradutakoa zen. Oso egoera larria bizi izan genuen, baina 18 ordu eta gero autora heltzea lortu genuen. Egondako zein leku bisitatuko zenuke berriro? Badago atsotitz bat zera diona: “Zoriontsu izan zaren leku bat ez duzu berriro bisitatu behar”; baina, hala ere, eginiko bidaia guztiak egingo nituzke berriro. Zein bidaia gomendatuko zenioke eskalatzea edo Trekking-a praktikatzea atsegin duen bati? Txile leku aproposa da eskalatzeko, trekking-a praktikatzeko zein mendian ibiltzeko. Beste alde batetik, Vietnam ere toki ezin hobea da eskalada praktikatzeko. Nora gustatuko litzaizuke bidaiatzea? Zeelanda Berria bisitatzeko irrikan nago, paisaia ederrak daudelako eta bertako Alpeak ikusgarriak direlako. Yosemitera (AEB) bidaiatzea ere ondo legoke, eskalatzeko horma handiak baitaude. Zelan antolatzen dituzu bidaiak? Leku bat edo bestea aukeratu baino lehen, ahalik eta informazio gehien biltzen dut. Behin herrialdea aukeratuz gero, egiten dudan gauza bakarra hegazkineko txartela erostea da. Hau da, herrialdera ailegatzean “bizitza” nire kabuz ateratzen dut. Aurretik ez dut ezer erreserbatzen. Nolako bidaiari mota zara? Motxileroa naiz. Ez dut inoiz antolatutako bidaiarik egin eta ez dut uste inoiz egingo dudanik. Bolivia eta Txilera bidaiatuko duzu laster, nolakoa izango da bidaia hori? Irailean Frantziako Alpeetara joango naiz entrenatzera. Bertan hilabete bat emango dut eta ondoren Bolivia eta Txilera abiatuko naiz. Bolivian hilabete batean egongo naiz eta hango Amazonia-eta bisitatzeko aprobetxatuko dut. Handik Txilera joango naiz. Bertan granitozko 600 eta 800 metro bitarteko hormak daude; Horiek aproposak dira eskaladarako eta bideak zabaltzeko. Txilen hilabete eta erdian izango naiz. Azkenik, antolatu bidaia bat Aikor! aldizkariaren irakurle guztientzat. Vietnam leku aproposa izango litzateke. Lehenengo eta behin, Ho-Chi-Minh hiriburua eta Cuchiko tunelak bisitatuko genituzke eta ondoren, Mekong-eko delta famatutik abiatuko ginateke herrialdearen hegoaldera. Erdialderantz jo eta “Lurrindun ibaia”tik iparraldera helduz Halong badiarekin egingo genuke topo. Azkenik, trekking zaleek asko gozatuko lukete Sapa zonaldean eta horrez gain talde etniko batzuk ezagutzeko aukera ere izango genuke.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).