Musikaz blai, baina ito gabe

Aikor aldizkaria 2010ko ots. 22a, 14:57

egilea: Jon Goikouria Larrabeiti, Kazetaritza ikaslea

Edonorengan du eragina musikak, adinik ez baitu; koloreek bezala. Gaztaroan musikaren atarian azaltzen gara, marka zuriko produktuak bagina bezala. Denborak aurrera egin ahala, eguzkia hartzen dugun era bertsuan, astiro-astiro, musikaren izpiez hasten gara kolorea hartzen. Definitzen hasten gara. Txorierri kolorez blai dago. Derioko musika lokala ireki zenetik gero eta gehiago dira bertara hurbiltzen diren gazteak, euren sormena musikaren bidez adieraztera. Eta hori harro egoteko modukoa da. Lokala zoragarria da, eta erabat ziur nago etorkizunean oihartzuna izango duten taldeak jaioko direla bertan. Hala ere, badago tokiko legeei jaramonik egiten ez diona ere. Eta era horretako jendea da hain zuzen ere, bertako materiala hondatzen duena, ormak goitik behera oinatzez zikintzen duena eta musika ekipoak behar ez bezala tratatzen dituena. Lokala gero eta kalte gehiago ari da jasaten astakirten puska batzuei esker. Musikaz koloreztatzea denon eskura dago, lokala eta bertako materialak egokitasunez tratatzea bezala. Gazte guztiok dugu Txorierri musikaz bustitzeko eskubide berbera, baina ez itotzeko. Zaindu dezagun beraz, gurea den hori!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).