Txorierriko bidegorriaren proiektuaren lehenengo pedal kolpeak eman dira. Ez da berehalako ekimena izango, urteak pasatuko dira azpiegitura hau ikusi eta gozatu arte, baina herritarrok 'agendan' idatzi behar dugu.
Egitasmo hori kutsaduraren kontra eta osasuna eta mugikortasunaren alde izango da. Bizikletaz ibiltzearen onurak ugari eta ezagunak dira. Hala ere, Derion bidegorriak badaude, baina txirrindulari gutxi, eta Txorierrin egoera ez da ezberdina, gaur egun ere txirringa ez delako mugitzeko erarik gustukoena.
Parke Teknologikoa aranaren bihotzean dago, badaude herri eskolak eta institutua, eta txorierritar askok gure etxetik distantzia gutxira egiten dugu lan. Ezinezkoa? Ez, eta adibidea hemen ondoan daukagu, Bilbon, bizikleta eguneroko elementua bihurtu den lekua.
Ideia eta proiektu berriak sortzea ondo dago, baina horiek erabiltzea ere bai. Horrexegatik gure instituzio publikoek sentsibilizazio-kanpaina gaur bertan egiten hasi beharko dute. Txorierriko bidegorria errealitate bihurtzen denerako, erabiltzaileak prest egon daitezen.