Danerik paraje! Derioko Zerbitzu eta Merkataritzako Elkarte Profesionalak “Zabalik ala itxita, nola nahiago?” kanpaina jarri du abian. Egitasmo honen helburua da derioztarrak konturatzea zein garrantzitsua den herrian erostea, Ion Otaolea elkarteko presidenteak aipatu duenez, “merkataritzak bizitza sortzen duelako”.
Kanpainarako diseinatu den kartelak errealitate bi azaltzen ditu: pertsiana betiko itxi behar izan duten negozioen argazkien bidez irudikatu dute errealitate bat, eta zabalik dauden negozioen argazkien bidez, bestea. Azken irudi horiek mugimenduz eta kolorez beterik daude, bizi-biziak. “Lehenengo errealitatean agertutakoa ez gertatzea lortu nahi dugu kanpaina honen bidez. Merkataritzarik ez badago, herriko bizitza ere desagertzen delako. Eta merkataritzak bizitza eta aberastasuna ekartzen dituelako”.
Derioko Zerbitzu eta Merkataritzako elkartearen barruan 70 negozio inguru daude. Krisialdian gaude eta gure negozioak ez dira uharte bat, kontsumoak behera egin du guztietan, neurri handiagoan edo txikiagoan. Ion Otaolearen esanetan, kontsumitzaileak ez dauka zertan irten Deriotik erosketak egiteko, herrian bertan duelako denetarik. “Baditugu ile-apaindegiak, jostailuak, alokatzeko autoak, aseguru-agentziak, aholkularitza-enpresak, frutategiak... Gainera, badira hiru ikur bereizten gaituztenak: kalitatea, prezio onak eta hurbiltasuna”.
Otaoleak azaldu duenez, merkataritza-guneek kalte egin diote herriko merkataritzari. Baina uste du, jendea bere herriko saltokietara hurbilduko balitz, sorpresa ederra hartuko lukeela ikusita nolako abantailak dituen herrian bertan erosteak. “Kalitate-prezio erlazio ezin hobea eskaintzen dugu eta, era berean, oso abantaila handiak eta finantzazio interesgarria eskaintzen ditugu produktuak ordaintzeko orduan. Oso inportantea da jendea gugana hurbiltzea eta hau guztia ezagutzea”.
Aberastasuna
Merkataritza-guneen alde erakargarrienetako bat prezio merkea da. “Guk ere oso prezio interesgarriak ditugu. Dena dela, herriko saltokietan erosten dugunean, kontuan hartu behar dugu negozio baten atzean familia bat dagoela eta familia horrek soldata duin bat behar duela bere negozioari eusteko, bizitzeko eta herrian kontsumitu ahal izateko”. Izan ere, dena dago elkarri lotuta. Haragia auzoko harategian erosten badugu, harakinak herriko zapata-dendan erosiko ditu zapatak, zapatariak herriko taberna batean hartu ahal izango du kafea, eta tabernariak... Hau da, bizitza eta aberastasuna sortuko dira. “Eta horrek eragina izango du Derion. Baita Txorierrin ere. Zelako soldata du merkataritza-gune bateko denda bateko langileak? Guri interesatzen zaiguna da erosteko ahalmen duina duten pertsonak egotea, horiek ere herrian erosi ahal izateko eta aberastasuna sortzeko”.
Danerik Paraje! elkarteak beherapen eta sustapen ederrak egiten dituzte urte osoan, derioztarrak eta txorierritarrak herrian erostera animatzeko. Horrela, bada, ama bat eta bere alaba oporretara bidali dituzte uda honetan. “Egia esateko, oso dinamika bizia dugu promozio-kanpainen haritik: oparitxoak, prezio bereziak, beherapenak... Gabonei begira, adibidez, deskontuak egingo ditugu eta saskiak oparitu ditugu”.
Merkealdian gaude eta mugimendua ikusten da gure saltokietan. Eguraldi onak ere animatu ditu herritarrak erostera. “Inportantea da jendea gugana hurbiltzea eta gu ezagutzea. Webgune bat sortu dugu: deriocom.com. Han guri buruzko informazioa topatuko dute, nortzuk garen, zeintzuk diren gure dendak eta zerbitzuak, sustapenak...”. Herria bizi-bizirik manten dezagun, beraz.