Egilea: Jon Arretxe
Marrazkilaria: Cristina Fernandez
Argitaletxea: Elkarlanean
Ezaugarriak: 130 orrialde eta 27 kontakizun labur
Adina: helduentzat
Udako oporrak bukatzear daudela beste ekintza edo eginkizunei heltzea hartzen dugu helburutzat; haien artean, pixka bat gehiago irakurtzea. Horregatik animatu nahi zaituztet liburu hau irakurtzera. Kontakizun laburrak topatuko dituzue eta hala ez duzue liburuaren haria galduko. Gainera, egileak munduko kolorez margotu ditu bere kontakizunak, kolorea eta esanahia erlazionatuz. Heriotza kolore beltzari dago lotuta mendebaldean, eta ekialdean, aldiz, kolore zuriari. Eta kolore bi horien artean beste batzuk ere sartu ditu: gorria, grisa, horia, urdina edo berdea.
Kontakizunak egileak egin dituen bidaietan izandako bizipenetan daude oinarrituta. Arretxek gardentasun handiz islatu ditu hitzez berak ezagututako momentu onak eta txarrak, beste kulturak, bizi izandako beldurrak, egoera korapilatsuak eta haietatik nola atera den, eta jendearen ezaugarriak eta alde onak.
Kontakizun guzti horiek, esaldien eta lexikoen aberastasunarekin eta Cristinaren marrazki esanguratsuekin batera, erraz eta atsegin egiten dute liburua irakurtzea. Nire gomendioa da liburua irakurri ondoren hausnarketa egin eta kontakizun guztien artean bat aukeratzea, zuen ustez deigarria izan dena. Zergatia aztertu eta kolorea gogoratu. Niri Amandre kolore beltzak eta Ricksawlaria kolore berdeak deitu didate arreta. Jon Arretxek urrian egingo digu bisita eta horrela kontatu ahalko diegu zeintzuk diren gure kontakizuna eta kolorea. Arretxe urriaren 16an edukiko dugu Derioko Kultur Birikan.