Esther Apraiz Fernández de la Peña, Derioko EAJko alkategaia: “Derioztarrak arduratzen dituzten arloetan jarriko dugu arreta”

Aikor aldizkaria 2015ko mai. 5a, 14:10

Zein da zure alderdiak datorren lau urteei begira Deriorentzat daukan proiektua? Argi daukagu herritar guztientzat bizitza kalitaterik hoberena nahi dugula, eta horretan arituko garela datorren lau urteetan. Helburu hori nagusi, derioztarren beharrizanak eta ekarpenak zeintzuk diren jakiteko, hileak eman ditugu herriko elkarte eta gizarte eragile ezberdinekin batzarrak izaten. Jasotako proposamen eta ekarpen horiek osatuko dute datorren lau urteetarako proiektua, izan ere, denon artean eginiko egitasmoa izatea nahi dugu, hori baita Derio hazi arazteko modurik onena. Deriozta­rrak arduratzen dituzten arloetan jarriko dugu arreta: enplegu, ekonomia, kultura-euskara eta gizarte zerbitzuetan, besteak beste. Beraz, parte-hartzearen aldeko apustua egin duzue, ezta? Hala da. Parte-hartze erreala bultzatuko dugu eta Udala herritarrei hurbilduko diegu. Hasi dugun parte-hartze prozesu hau ez da bertan behera geldituko, datorren urteetan, jendeak esan nahi duena entzuten jarraituko dugulako. Ho­rre­ta­ra­ko batzarrak mantentzeaz gain, argi daukagu udaletxetik kalera irten be­har dugula, hurbildu, eta derioztar guztiek, baita desilusio politiko bizia duten gazteek ere, esan beharrekoa entzun. Hori izango da nire eta nire lantaldearen datorren urteetako erronka: pertsona hurbila izatea eta inork ez dezala izan nigana etortzeko erreparorik. Gazteak aipatu dituzu, zein da gazteriari begira jarraituko duzuen lan ildoa? Herri bezala aurrera egin nahi badugu, era argi batean egin beharko dugu gazteen aldeko apustua. Haiengana hurbildu, entzun, babesa eman eta parte hartzaile izateko bideak eskaini, haiekin batera eraiki nahi baitugu etorkizuna. Helburu horiekin, besteak beste, gazteekiko harremanak areagotu egingo ditugu whatsapp-a, gizarte sareak, eta abar erabiliz; gazteentzat eginiko jarduerak pla­nifikatzeko eta garatzeko orduan, eu­ren parte hartzea bultzatuko dugu; gazteguneak mantendu eta hobetuko ditugu. Ezinbestekoa da lonjak kalera ateratzea. Nolako lantaldea izango da zurea? Zer esan ahal diguzu zure kideei bu­ruz? Azpimarratzekoa da, taldearen % 60 emakumeek osatzen dugula. Talde heterogeneoa da, derioztarrak danak, gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituena, oso prestatua, euskalduna eta garrantzitsuena dena, beren herri eta herrikideen alde lan egiteko gogo eta ilusio handiarekin. Karguaz jabetu, eta zer da egingo duzun lehenengo gauza? Argi daukat: derioztarrengatik eta derioztarrentzat lanean hasi. Hurbiletik Esther Apraiz, 39 urteko energiaz betetako emakume jeltzalea da eta bere herria derioztar guztiekin batera hazi arazteko aurkeztu du bere burua alkategai. Zuzenbide Ekonomikoan li­zentziatua, lehen eskutik ezagutzen du udal bizitza zer den, izan ere, gaur egun Bilboko Udaleko Hi­rigintzako Lege sekzioko burua da eta azken urteotan zinegotzi aritu da, Hirigintza eta Hezkuntza sailetan, Derioko Uda­lean. Hurbiltasuna, zintzotasuna eta lan taldean aritzeko gaitasuna dira derioztar honen ezaugarrietariko ba­tzuk. Horregatik, erraz aurki dezakegu familiarekin eta lagunekin herrian paseoan.