Txorierriko hautetsiak eta zinegotziak Mankomunitatearen egoitzan, Derion, bildu ziren atzo, Udalbiltzaren aurkako epaiketa salatzeko. Era berean, deia egin zien herritarrei, zapatuan Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko.
Ekimenaren antolatzaileek argi utzi nahi izan dute Mankomunitatearen egoitzan batu direla hori Txorierriko herriak biltzen dituen erakundearen egoitza delako. Eta beraz, kontzentrazioa ez dela Mankomunitatearen aurkako ekimena izan.
Bihar hasiera emango zaio Udalbiltzaren aurkako epaiketari. Auzian 22 lagun epaituko dituzte. Horiei 2003. urteko Udal eta Foru Hauteskundeetarako Hauteskunde-plataformen sorreran parte hartu izana leporatzen diete, baita Udalbiltza Euskal Herriko Udal eta Hautetsien Biltzarraren garapena sustatu izana ere.
Fiskaltzak eta Akusazio Partikularrak 10 urtetik 23 urtera bitarteko espetxe-zigorra eskatu dute auzipeturiko lagun bakoitzarentzat. Era berean, Udalbiltza bera eta izaera publikoa duten Udalbiltza Partzuergoa eta Garapenerako eta Kohesiorako Euskal Fondoa behin betiko deuseztatzeko eskatu dute.