Udondo taldeak punteria egin du

Aikor aldizkaria 2010ko abe. 17a, 15:26

Abenduaren 4tik 7ra bitartean, Dardo Espainiako Txapelketa izan zen Lloret de Marren, Gironan. Txapelketan Udondo Derioko taldeak hartu zuen parte Amateur C kategorian. Derioztarrak lehenengo aldiz aritu dira estatu mailako txapelketa batean, eta oso tiratzaile onak direla erakutsi dute. Horrela, bada, 11. postuan gelditu dira taldekako txapelketan; bosgarren postuan, binakako txapelketan; eta hirugarren postuan, banakako txapelketan. Germán Gómez eta Aitor Ferreiro Udondo taldeko kideek esan diguten bezala, oso pozik daude emaitzekin; hala ere, arantza txiki bat dutela itzuli dira Txorierrira. “Aukera gutxi izango genuela pentsatuz joan ginen Lloret de Marrera, eta ondo pasatzea hartu genuen helburutzat. Baina gure buruarekin haserre bueltatu ginen. Izan ere, apur bat gehiago prestatuz gero, askoz emaitza hobeagoak izan genitzakeela uste dugu”. Nolanahi ere, datorren urteko txapelketan edukiko dute arantza kentzeko aukera. “Kategoriaz igoko gara eta maila handiagoa izango da. Baina gure maila ere altuagoa izango dela sinetsita gaude”. Udondo Derioko dardo taldea orain dela urte eta erdi sortu zen, eta dagoeneko Euskadi eta Espainiako Txapelketan hartu dute parte. Taldea zazpi lagunek osatzen dute.