Gaixotasun arraroa duten pertsonen aldeko lasterketa

Aikor aldizkaria 2011ko ots. 22a, 09:17

Otsailaren 28an Gaixotasun arraroen Nazioarteko Eguna izango da eta horren haritik Gure señeak Derioko elkarteak herri lasterketa antolatu du otsailaren 27rako. Lasterketa Uribe parkean izango da, eguerdiko 12etan, eta ibilbidea korrika zein oinez egin ahalko da. Umeek patinak, patineteak edo motoak erabili ahalko dituzte. Gainera, gaixotasun arraroa duten elkarteko umeek lekukoa eramango dute txandaka, eta horren barruan adierazpen bat. Lasterketaren ostean, umeei zuzendutako tailerra egingo da eta 100 puxika askatuko dira zerura. Ekitaldi honen bitartez, Gure señeak elkarteak berdintasuna izateko eskubidea errebindikatu nahi du: “gaixoentzako berdintasuna, giza eta osasun arloetan; berdintasuna oinarrizko gizarte-eskubideei dagokienez; eta berdintasuna, euren gaixotasunei aurre egiteko beharrezkoak diren tratamenduetan, terapietan eta medikamentuetan”. Elkarteak lagun guztiei luzatu die lasterketan parte hartzeko gonbidapena, “inportanteena kausarekin bat egitea da, eta gaixotasun arraroa duten pertsonen familien itxaropena bizirik mantentzea”. Beste alde batetik, Derioko Udalak umorezko gaua antolatu du otsailaren 25erako. Bertan Iván Pérez “Izarren distira” lehiaketaren Txorierriko irabazleak eta Alejandra Navarro Durangaldeako irabazleak hartuko dute parte. Saioak arratsaldeko 6:30ean eta 8:30ean izango dira, eta sarrerak bost euro balio izango du. Bildutako dirua Gure señeak elkarteari emango diote.