Bergara-Derio martxa, lurra eta elikadura burujabetzaren alde

a: AHT gelditu 2017ko uzt. 17a, 10:15

“Txikizioa borrokatu, bertako elikadura bultzatu” lelopean, barikuan Bergaratik atera zen lurra eta elikadura burujabetzaren aldeko martxa. Ekitaldia Euskal Herriko lurraren aldeko mugimenduek antolatu dute, eta Euskal Herria artifizializatutako lur gehien duen Europako herrialdeetariko bat dela salatzea eduki du helburu. 

“Hirigintzak, industriagintzak era mota guztietako azpiegitura erraldoiek eragiten dute lur artifizializazioa, eta horren ondorioz, elikadura-ekoizpena oso txikia da. Hori dela-eta, Euskal Herrian jaten denaren % 3 baino ez da berton ekoizten”, azaldu dute.

Egunotan La Vía Campesina nazioarteko konferentzia ospatzen ari da Derion eta martxa horren haritik antolatu zuten. Jakinarazitakoaren arabera, ibiltariak Bergarako Angiozar auzunetik atera ziren hori “euskal Yaren korapiloaren erdigunean” dagoelako eta “AHT (Abiadura Handiko Trena) delako lur eremu handiena txikitzen duen azpiegitura”. Martxaren ibilbidea AHTrena izan zen eta, besteak beste, Durangotik, Elorriotik eta Izurtzatik pasatu ostean, Larrabetzura ailegatu ziren zapatuan. Ibiltariei ongi etorria eman eta “Elikadura burujabetzatik bizitza burujabetzara” solasaldia egon zen Anguleri kultur etxean, Euskal Herriko azpiegiturek ekarritako lurraren artifizializazioari buruz. Hori Bai gaztetxean afaldu eta 36ko gerraren kantuak entzungai izan zituzten bertan.

Atzo, Larrabetzuko konpost-sistema ezagutzeko aukera izan zuten eta handik Deriora abiatu ziren. Seminarioan, azpiegitura handien aurrean Lurraren eta elikadura burujabetzaren indarra islatzen zuen mandala edo irudi bat marraztu zuten haziz, eta La Vía Campesinako partaideen babesa jaso zuten.

La Vía Campesina mugimenduak manifestazioa antolatu du uztailaren 23rako Bilbon. “Gure herriak elikatzen ditugu eta mugimendua eraikitzen dugu mundua aldatzeko” lelopean, goizeko 11etan aterako da Moyua plazatik. Bergara-Derio martxako partaideek manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).