Bizipozaren jairako sarrerak salgai ipini dituzte Interneten

Aikor aldizkaria 2017ko ira. 7a, 11:25

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Tipi Tapa Korrika ikuskizuna eskainiko dute goizeko 11:30ean Derioko kiroldegian eta sarrerak www.bizipoza.eus/bizipozaren-jaia-2017/bizipozaren-jaia-sarrerak  webgunearen bidez eskura daitezke. Bertan ere eros daitezke bazkarirako txartelak. Ikuskizunerako zein sarrerak bost eurotan ipini dituzte salgai; eta bazkarirako sarrerak, 5,90 eurotan. Beste ekintza guztiak doan izango dira.  

Bizipozaren jaia irailaren 17an ospatuko da Derion, eta Leire Elizegi Bizipoza elkartearen kudeatzaileak, Luisma Landaluze Gure Señeak elkartearen ordezkariak eta Esther Apraiz Derioko alkateak azken zehetasunak eman dituzte ezagutzera. Ekitaldian Aspanovas Bizkaia, Sanfillippo VASS eta ASPANIF elkarteen ordezkariak ere batu ziren, baita kirol eta kultura munduko lagunak ere; Gaizka Garitano, Gari eta Josu Camara, tartean.

Derion bost gune atonduko dira, eta ekitaldi nagusiak Arantzazu kalean eta kiroldegi barruan egingo dira. Hauek dira:

 

Arantzazu kaleko oholtzako gunea

10:00: Elkarteen topaketa.

11:00-13:00: Piko-Piko jolasa, Bertoko talde trikitilariekin eta Irrien lagunak klubeko kideekin.

13:00: Agurra. Taberna Ibiltaria herrian zehar ibiliko da; eta Irrien lagunak klubekoak, frontoi txikian.

13:20: Kantarelux abesbatza eta Lainomendi dantza taldea.

14:00: Piperdun flamenko taldea.

14:15-15:00: Taberna Ibiltaria.

16:00: Kaxoi eta txalo tailerrak, Kale Dor Kayiko elkartearen eskutik.

16:30: Ane eta piratak parrandan. Bizipozako elkarteekin batera dantzaldia.

17:30: Txokolatada.

18:00: Jai amaiera.

 

Kiroldegi barruko gunea

11:30: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Tipi tapa Korrika ikuskizuna.

15:00: Kukuke antzerki eskolakoen dantzaldia.

15:20: Ipuin kontalaria: Urrezko sagarra, Josu Camararen eskutik.

 

Bestalde, frontoi txikian, Bizipoza elkarteetakoak egongo dira egun osoan, hurbiltzen denari beraien lanaren berri emateko, eta frontoi handian bazkaria egingo da ordu bietatik lauretara.

Futbol eta tenis zelaien gunean Irrien Lagunak Klubeko puzgarriak ipiniko dira, eta rockodromoa eta ohe elastikoak ere egongo dira, BBK Fundazioaren eskutik; baita Derioko AMPAk antolatutako tailerrak ere. Azkenik, Arantzazu kaleko behealdeko gunean, besteak beste, giza mahai-futbola eta futbol-txapak egongo dira, Athletic Club Fundazioak antolatuta; eta tailerrak, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioaren eskutik. Elkartasun tonbolak egingo dira, eskumuturrekoak banatuko dira eta Bizipoza elkartearen materiala ipiniko da salgai.

Antolatzaileek jakinarazitakoaren arabera, elkartasun tonbola bat egongo da eta 2.000 oparitik gora banatuko dira. Era berean txosna bat ipiniko da eta bertan edaria eta taloa eskainiko da. Haur-kotxeak uzteko gune bat ere atonduko da eta han zaintzaileak izango dira.

Bizipozaren jaia auzolanean antolatzen da eta nahi duenak boluntario aritzeko aukera du. Horretarako, itsaso@bizipoza.eus mezu bat bidali behar du; edo 688 73 23 34 telefonora deitu.

Bizipoza elkartea izaera bereziko Euskal Herriko 33 elkartek osatzen dute, eta jaiak horien lana ikusarazi eta gizarteratzea du helburu.