Bitxia eritxi deutsot halako artifizialtasunetik halango gai larria salatzeko bideari. Bikinia jantzita, bere neurriak esan barik, Perun hildako emakumeen zenbakia eman du miss batek. Nire neurriak: ”2.200 erahildako emakume dira”, esan dau. Holan jarraitu dabe egiten neska batek bestearen ostean. Normalean, mundurako bakea gura dabela edo munduan goserik ez egotea izaten dira emoten dabezan erantzun hutsalak. Oraingoan, ezustea!
Asmoa ona izan da dudarik ez, aukeratutako foroa, ostera, mezuari zilegitasuna kentzen deutsola pentsetan nabilela, Gazteizen neska bat bortxatu dabela esan dau telebistak eta haserre pentsatu dot noz bukatuko dogun gatx honegaz. Urtea amaitzeko gitxi falta dauen honetan, biolentziak hildako emakumeen datu hotza jakinazongo deuskue hedabideen bidez, eta triste pentsatuko dot missen neurri horreek nozko izango diren zero.