Goio Eguia derioztarrak animatu zituen 1992. urtean elkartea sortzera, eta lagundu zien lehenengo pausoak ematen eta estatutuak osatzen. Lekukoa hiru emakumek hartu zuten: Mari Martín, Agus Romero eta Mª Carmen Pérez. Bere lehendabiziko eginbeharra presidentea topatzea izan zen: Sira Elorriaga. Sirak gogotsu atera zuen elkartea aurrera eta bidean deriotar askoren laguntza eduki zuen. Oso aberasgarria izan zen guztientzat, elkar ezagutzeko aukera izan zutelako, lagun berriak egin zituztelako, eta proposamen berriak sortu zirelako.
Erakundeetatik ere jaso zuten laguntza, hala nola Bagabiltza elkartetik, Etxeko Andre elkartetik, Clara Campoamor elkartetik eta Emakundetik. Era berean, asko izan ziren lagunak, banaka zein taldeka, euren ekarpena egin zutenak; esate baterako, Carmen Feli Pereda, eslogan asmatu zuena; edo Fernando Zamora poeta, himnoa konposatu zuena. Eta zelan ez, bazkide guztien laguntza eta babesa.
Begoña Maillo elkartearen gaur egungo presidentea da, eta berarekin batera ehun bazkide inguru batu dira abenduaren erdialdean, urteurrena ospatzeko. Esther Apraiz Derioko alkateak eta Ixone Urrutikoetxea kultura zinegotziak ere hartu zuten parte ospakizun-ekitaldian. Datorren urtean berriro ekingo diote antzerkiari, abesbatzari, hitzaldiei, astero egiten duten bilerari eta hainbat ekintzei. Geldiezinak dira, urte askotarako!