Udaberria gozo dator Derion

Aikor aldizkaria 2018ko mai. 2a, 11:09

Danerik Paraje! Zerbitzu eta Merkataritzako Elkarte Profesionalak kanpainak ipini ditu abian, bezeroak saritzeko eta salmentak sustatzeko.

Kanpainei martxoan ekin zieten. Holan, beren erosketak ordaintzeko, elkartearen txartela erabiltzen duten bezeroei 5, 10 eta 20 euroko txartelak atera ahal zaizkie. Sustapenak maiatzera arte iraungo du eta diru-txartelak elkartearen barruan dauden dendetan eta zerbitzuetan erabili beharko dira. Txartelak abantaila handiak ekartzen dizkio erosleari, hala nola opariengatik trukatu ahal diren puntuak, iraileko eta urriko kanpainaren zorizko deskontuak eta gaur egun indarrean dagoen kanpainaren diru-txartelak.

Txartela doakoa da eta elkartearen barruan dauden dendetan eta establezimenduetan eskatu daiteke. Baita Rural kutxan ere. Erosleak txartel hori erabilita ordaindu ditzake erosketak, bere ohiko banketxea beste bat bada ere. “Tartean Aste Santua egon den arren, esan dezakegu kanpaina ondo funtzionatzen dabilela”, adierazi digute Danerik Paraje! elkartetik. “Honelako ekintzek bezeroak animatzen dituzte eta gehiago erosten dute. Mugimendu handiagoa dago”.

Bestetik, elkarteak beste kanpaina bat ipiniko du martxan maiatzean; kanpaina gozo bat, alegia. “Karameluak banatuko ditugu elkartearen barruan dauden denda eta establezimendu guztietan. Karameluak organza oihalezko poltsa barruan banatuko ditugu. Poltsa horiek nahi dena gordetzeko erabili ahalko dira gero”. Guztira 2.500 karamelu poltsa banatuko dituzte bezeroen artean.

 

Balio erantsia

Danerik Paraje! Derioko Zerbitzu eta Merkataritzako Elkarte Profesionaletik adierazi diguten moduan, krisiaren eragina nabaria izan da herrian; hala eta guztiz ere, aurretik aipatutako kanpainak lagungarriak dira egoera txarra arintzeko eta erosketak sustatzeko. Era berean, esan digute negozio batzuk itxi badira ere, beste batzuk zabaldu egin direla eta horrek egoera orekatu egin duela.

Herriko 60 establezimendu baino gehiago daude Danerik Paraje! elkartearen barruan. Horiek esparru zabala hartzen dute: osasuna, elikadura, arropa, aholkularitza eta aseguruak, arlo banaka batzuk aipatzearren. Gainera, kalitatea eta tratu hurbila eta pertsonalizatua eskaintzen dizkiote bezeroari. Kontuan hartu beharreko balio erantsia da hori, etxean inon baino hobeto erosten delako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).