“Ioritz oso ilusionatuta dago, gero eta garaipen gehiago lortzen dabilelako. Izan ere, gaur egun bere adineko gazteen kontra sartzen da lehian. Hori lehen ez zen gertatzen, Ioritz gazteegia zen eta nagusien kontra jokatzen zuelako”, esan digu Iñigok, bere aitak.
Datozen asteotan, gazte derioztarrak saio gehiagotan hartuko du parte. Kantabriako txapelketaren sailkapenean lehenengo postuan dabil, orain arte jokatutako lehiaketa biak irabazi baititu. Oraindik beste bi egin behar dira. Gainera, Espainiako Txapelketa saio bitan banatu da eta lehenengoan, laugarren postuan bukatu zuen Ioritzek. Bigarrena, urrian antolatu da Bartzelonan, baina aitak oraindik ez daki semeak bertan parte hartuko duen ala ez. Reinosako txapelketa ere urrian jokatuko da.