Argiteria hobetu dute Derioko oinezkoen pasabideetan eta bidegurutzeetan

Aikor aldizkaria 2018ko aza. 5a, 12:30

Bertako Udalak 35.600 euro ipini ditu lanetan, eta, azaldu duten moduan, horiek helburu bikoitza eduki dute: alde batetik, autoek oinezkoak harrapatzeko arriskua murriztea; eta bestetik, oinezkoen pasabideak behar bezala argiztatzea. Era berean, argi berriei esker, energia-kontsumoa txikiagoa izango da.

Zehatz-mehatz, hamar luminaria aldatu dira. Lanak bidegurutze hauetan egin dira: Pagasarri eta Txorierri kaleen artekoan; Euskal Herria eta Mungialde kaleen artekoan; Gernikako Arbola kalearen eta Mikel Deuna plazaren artekoan; Bestorrene eta Mungialde kaleen artekoan; eta Santiago eta Rekalde kaleen artekoan. Eta kale hauetan: Ganburu, 1; Mungialde etorbidea, 16; eta Gernikako Arbola, 1 eta 4.

Herriko argiak hobetzen jarraitzea Derioko Udalaren lehentasunetariko bat da, horrela, oinezkoen eta ibilgailuen segurtasuna bermatu ahal izateko. Horri lotuta, eta jakinarazitakoaren arabera, apirilean 12 LED argi berritu ziren Entrecalles moduan ezaguna den aldean, eta lanetan 19.500 euro ipini zituzten. Era berean, Euskal Herria eta Pagasarri kaleetan LED argiak dituzten zenbait farola jarri ziren. Oinezkoen pasabideetan eta bidegurutzeetan argiak hobetzea ere egin da lehentasun horren haritik. “Derioztarren segurtasuna handitzen jarraituko dugu. Horretarako, oinezko eta ibilgailu gehien ibiltzen diren guneak aztertu eta hobetuko ditugu”, esan du Esther Apraiz Derioko alkateak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).