Gaizka Garitano, Athleticen entrenatzaile berria

Aikor aldizkaria 2018ko abe. 4a, 13:42

Gaizka Garitano derioztarra izango da Athleticen lehenengo taldeko entrenatzailea, Eduardo Berizzo argentinarraren ordez. Ziur asko, Patxi Ferreirak, Iñigo Lizarraldek, Eduardo Estibarizek eta Aitor Iruk osatuko dute Garitanoren talde teknikoa. 

Orain arte, derioztarrak Bilbao Athletic zuzendu du. Lehenengo taldearen gaurko entrenamendua bertan behera utzi dute, baina Garitano laster hasiko da lanean, hurrengo partida eguenean izango baita: Kopako kanporaketaren bigarren partida, Huescaren kontra.

Atzo, talde zuri-gorriak 3-0 galdu zuen Levanteren kontra, eta egoera benetan da larria: Athleticek partida bakar bat irabazi du Ligan, lehenengoa, abuztuan, eta sailkapenean 18. postuan dago, jaitsiera postuetan, hain zuzen ere. Beraz, Josu Urrutiak zuzentzen duen batzorde kudeatzaileak Berizzo ordezkatzea erabaki du. Klubak 12 urte eman ditu entrenatzaile bat denboraldi erdian bota barik. “Athletic Clubek eskertu gura die Eduardo Berizzori eta haren talde teknikoari gurean erakutsitako esfortzua eta engaiamendua. Halaber, Athletic Clubek onena opa dio Eduardo Berizzori bere kirol etorkizunean, baita arlo pertsonalean ere”, adierazi du Athleticek bere webgunean.