Dantza filma asteburuan aurkeztuko da Derion

Aikor aldizkaria 2019ko ots. 14a, 10:21

Telmo Esnalen pelikula Gurea Aretoan emango da zapatuan, otsailak 16, 21:00etan; eta domekan, otsailak 17, 19:30ean. Dantza Esnalek zuzendu duen hirugarren filma da, eta horretan ohiturak, lurra eta mitoak nabarmendu ditu.

Ekaitza etorri da landan lan gogorra egin ostean. Atertu duenean, bizitza erne da lehen etze zegoen lurretatik. Fruitu bat hazi eta heldu da, bizirik irten da izurriteen erasotik eta sagardoaren bizigaia izango den sagar bihurtu da. Uzta ospatzeko unea da, topa egitekoa eta maitasunaren festan murgiltzekoa.

Dantza bizitzaren zikloari buruzko istorioa da, bizirik irauteko borrokarena. Eta horretan, naturaren ibilbideak markatuko du denboraren iragatea. Dantza hori kontatzeko aukeratutako hizkuntza da. Musikak eguneroko zereginei lagunduko die.

Filma Txintxua Filmesek ekoiztu du, eta Koldobika Jauregi artistak eta Juan Antonio Urbeltz ikertzaileak eta folkloristak ere hartu dute parte proiektuan. Dantza hauek babestu dute: ETB, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila, ICAA, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Nafarroako Gobernua.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).