Elkarretaratzea Derion, barikuan izandako eraso matxista salatzeko

a: Koxak Derioko talde feminista 2019ko ots. 18a, 09:29

Ertzaintzak jakinarazi zuen moduan, bariku gauean gizon bat atxilotu zuten Derion, neska-lagun ohiari erasotzeagatik. Ertzaintzara lekuko batek deitu zuen. Azaldutakoaren arabera, neskak ertzainei esan zien bikotekide ohiak jo egin zuela eta autoa ere kolpekatu zuela. Erasotzaileak inguruan atxilotu zuten, eta neskari osasun-zentro batera lagundu zioten.

Koxak Derioko talde feministak elkarretaratzera deitu zuen atzo, gertatukoa salatzeko. Ohartarazi duten moduan, “Euskal Herrian, emakumeen kontrako erasoak areagotzen dabiltzala nabaria da, eta Txorierri ez da salbuespena. Eraso hau ez da kasu isolatu bat, arazo estrukturala baizik: emakumea izateagatik eta gizarte patriarkal honetan bizitzeagatik pairatzen dugun arazoa, hain zuzen ere”. Era berean, esan dute ez dutela inolaz ere eraso matxistarik onartuko. “Nazkatuta gaude eraso egiten digutenean guk azalpenak eman behar izateaz. Kokoteraino gaude! Kokoteraino, gure hitza zalantzan jartzen delako. Kokoteraino gaude beldur izateaz. Kokoteraino gaude, etxera bizirik eta osorik heldu nahi badugu, neurriak guk hartu behar ditugulako”. Erasoa jaso duen emakumeari babesa adierazi diote. “Ez zaude bakarrik. Ez gaude bakarrik. Autodefentsa feminista baino beste aukerarik ez dugu. Elkartu eta elkar babestu behar dugu”.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).