Derioko enpresa bateko burua sexu-jazarpenagatik salatu dute

a: LAB sindikatua 2019ko urr. 16a, 13:55

Sexu-jazarpena azpikontratatutako emakume garbitzaile batek pairatu du, eta, LAB sindikatuak adierazi duen moduan, 2016ko amaieran hasi zen. Ordura arte emakumeak eta gizonak ez zuten inoiz elkarrekin hitz egin, baina egun batean enpresaren buruak kafea egiteko eskatu zaion langileari eta horren ostean hasi zitzaion sexu-konnotazioa zuten whatsapp-mezuak idazten. Era berean, behin eta berriro deitu dio eta lanean egon den bitartean kontrolatu egin du. Emakumearekin leku txikietan eta isolatuetan bakarka egoteko aukerak topatu ditu, eta tren-geltokiraino ere jarraitu dio.

Langileak ez zuen denbora luzez salaketarik jarri errepresaliak pairatzeko beldurragatik. Lanaldiren zatirik handiena enpresa horretan egiten zuen eta ondorio negatiboen beldur zen, bai garbiketa-enpresaren aldetik, bai bezeroaren aldetik, erasotzailea lehen lerroko burua delako”, azaldu dute. “Hilabete askoan egoera umiliagarria eta bortitza pairatu du eta azkenean gaixotu da: antsietate handia du”.

Sindikatuak emakumearen ausardia azpimarratu du. “Lan-eremuan egunero izaten dira emakumeen aurkako diskriminazioa eta indarkeria, baina ez dira salatzen. Salaketa jartzen duen emakumearen integritatea bermatzeko baliabide instituzionalik ez dago eta gaur egungo justizia patriarkalak ez du konfiantzarik ematen; gainera, horiei biei beste elementu berri bi gehitu behar zaizkio: lana galtzeko beldurra eta mehatxu latentea”.

Sindikatuak kasuari bide juridikotik egingo dio aurre, baina batez ere antolatutako ekintza sindikaletik. “Ahizpatasuneko eta elkar zaintzako mekanismoak jarriko ditugu martxan, oraindik eta indartsuagoak izateko, emakumeen aurkako indarkeria-seinalerik txikienari ere eta irmotasunez erantzungo diogu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).